Nafarroan bizi diren pertsona guztiei —paperik gabeko etorkinak barne— osasun laguntza aitortzen dien lege forala onartu zuen Nafarroako Parlamentuak. Espainiako Gobernuak, ordea, helegitea jarriko du lege horren aurka Auzitegi Konstituzionalean.
Marta Vera Osasun kontseilariak Nafarroako Parlamentuan azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak Nafarroaren eskuduntza propioak defendatu ditu Madrilen. Espainiako Gobernuak, berriz, uste du Estatuaren eskuduntzak urratzen ari direla. "Nafarroako Gobernuaren borondatea etorkinak artatzea izan da beti", esan du Verak. Asteartean bideo konferentzia bidez mintzatu ziren Nafarroako Gobernuko eta Espainiako Gobernuko ordezkariak, baina ez zuten lortu akordiorik.
PSNko, Bilduko, Ezkerrako eta Aralar-NaBaiko parlamentariek Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu dute.