Migrazioak

Etorkinak erregularizatzeko eskatu diote suprefetari

Etorkinekin elkarteko kideak Herve Jonathan Pirinio Atlantikoetako suprefetarekin bildu dira goizean. Kezkati mintzatu dira datozen asteetan mugaren irekierak eragin dezakeen egoerari begira.

Suprefetarekin bildu dira Etorkinekin elkarteko kideak. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko maiatzaren 26a
15:12
Entzun

«Entzun gaitu, baina ez du gure iritziarekin bat egiten». Horrela laburbildu du Stephanie Driollet Etorkinekin elkarteko kideak Herve Jonathan suprefetarekin egindako bilkura. Izan ere, Frantziako Estatuan izenpe bilketa bat egin dute 642 eragilek, eta Frantziako Gobernuari eskatu diote etorkin guztiak erregularizatzeko, «berehala eta molde iraunkorrean». Koronabirusak eragindako egoera sanitarioagatik, errefuxiatuen egoera «kezkagarria eta jasanezina» dela esan du Dominika Dagerre kideak. «Egonaldi baimenik ez dutenez, lana, bizitegia, laguntza sozialak, hezkuntza eta hainbat oinarrizko eskubide sozialik gabe gelditzen dira. Osasun egoerak pairatzen duten prekaritatea emendatzen du», salatu du Dagerrek.

Pandemia garaian proposatu zaizkien aterabideak «eskasak» dira, kideen ustez, eta arazoari «erantzun global» bat eman behar zaiola aldarrikatu dute. Etorkinek pairatu duten egoera «migrazio politiken» ondoriotzat daukate. Horregatik, etorkin guztien baldintzarik gabeko erregularizazioa eskatu diote Jonathani. Suprefetak adierazi die Pirinio Atlantikoetako departamenduko Eric Spitz prefetari bidaliko diola gutuna, eta Estatuaren zerbitzuak «informatuko» dituela.

Frantziako Estatuak bi aldiz egin zuen erregularizazio masibo bat: 1981.urtean, François Mitterrand Frantziako lehendakariak, boterera iritsi zelarik, 180.000 lagun erregularizatu zituen. 1997.urtean, Lionel Jospin garaiko lehen ministroaren erabaki baten ondorioz, 80.000 lagun erregularizatu zituzten. Dagerrek uste du bi adibide horiek frogatzen dutela «berehalako erregularizazio bat» egingarria dela eta krisi sanitarioak «gisa horretako erabaki bat» justifikatzen duela.

Laguntza sareak, ahuldurik

Bestalde, laguntza sareentzako pandemiak ondorio anitz ukan dituela azaldu du Driolletek. Dirua biltzeko ekitaldiak bertan behera utzi behar izan dituzte; ez dute, beraz, diru sarrerarik izan. Janari banaketa egitea ere «zaila» gertatu da, konfinamendu garaian ibiltzeko eskubidea murriztua zelako. Molde berean, aterpe leku gutxiegi zabaldu direla salatu dute: «Baionako Pausa zentroan ehun lagun baino gehiago ibili dira hiru hilabetez, erabat itxita. Arazoa da orain ezin direla Baionatik mugitu, garraioek ez dutelako usaian bezala funtzionatzen eta prezioak ikaragarri emendatu direlako».

Kezkati mintzatu dira datozen asteei begira, eta esan dute mugaren irekierak «migrazio jarioetan» izanen duen ondorioari ezin diotela «elkarte eta laguntzaileek soilik erantzun». Hain zuzen ere, errefuxiatuen pasabide izan ohi den Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko muga itxi egin zuten Frantziako eta Espainiako gobernuek. Geroztik, «ia ezinezkoa da errefuxiatuentzat» bertatik pasatzea. Mugaren irekierak «egoera are latzago bat» ekar dezakeen beldur dira. Larrialdi egoeraren harira, Frantziako Gobernuari «behar bezalako» neurriak har ditzala eskatu diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.