Etorkinak euskarara erakartzeko

Kataluniako Plataforma per la LLenguak bultzatutako bi liburu egokitu eta itzuli ditu Emunek. Etorkinentzat eta haiekin lan egiten dutenentzat da horietako bat

ainara arratibel gascon
Donostia
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Etorkinak euskarara hurbiltzeko eta haiekin lan egiten dutenen artean euskararen erabilera sustatzeko, Hizkuntz harrerarako gidaliburu praktikoa argitaratu du Emunek, lan mundua euskalduntzeko kooperatibak. «Gaur egun gurera etortzen diren etorkinei gaztelaniaz egiten zaie lehen harrera. Oharkabean egiten da, eta gaztelaniaz ote dakiten jakin gabe. Baina, gure ustez, ez luke horrela izan behar. Harrerahori egiterakoan haien jatorrizko hizkuntza hartu beharko litzateke aintzat, eta euskararen errealitatearen berri eman beharko litzaieke», dio Olatz Irizarrek, Emuneko hizkuntza normalizaziorako teknikariak. Horretarako gakoen eta baliabideen berri ematen da liburuxkan.

Berez, Kataluniako Plataforma per la Llengua erakundeak sortu zuen liburua, eta Emunek euskaratu eta egokitu egin du.PDF formatuan jarri dute eskuragarri, Interneten. «Emunera deituz gero ere, bidaliko dugu liburua».

Irizarren ustez, oso tresna aproposa da etorkinen harreran lan egitea egokitzen zaien pertsonentzat: udaletako langileak, gizarte laguntzaileak, immigrazio teknikariak, euskara teknikariak, gobernuz kanpoko erakundeetako langileak, irakasleak... «Azken kasu horretan, egia da irakaskuntzan gaia landuagoa dutela. Izan ere, halabeharrez egin behar izan diote aurre erralitate horri. Baina aipatutako beste sektoreetan ere etorkinekin lan egiten dute, eta haiei harrera egiten diete hemen euskara existituko ez balitz bezala», salatu du Irizarrek.

Errealitate hori aldatzeko asmoz, liburua hiru ataletan banatu dute. Lehenbizikoa lehen harrera horri dago eskainita, hain zuzen. «Lehen harrera hori oso-oso garrantzitsua da, etorkinek hemengo errealitatearekin, gizartearekin duten lehen hartu-emana baita». Hain zuzen ere horregatik, ezinbestekoa ikusten dute lehen harrera horretan aritzen direnek etorkinei euskararen errealitatea ezagutaraztea. «Ezzuzenean haiekin euskaraz hitz eginda, baina bai inguruan daudenekin mintzatuta. Izan ere, etorkin bat udaletxe batera erroldatzera badoa, eta hango langile guztiak gaztelaniaz ari badira, nekez jakingo du euskara badenik ere. Are gutxiago, lehen harrera hori ere gaztelaniaz egiten bada».

Horrenbestez, euskararekiko «leial» izateko eskatu die harrera hori egiten dutenei. «Euskara ikasteak eta jakiteak harremanak egiten eta lanpostu bat aurkitzen lagunduko dietela azaldu behar diete; baita ere bertakoek bezala eskubidea dutela euskara ikasteko. Azken batean, argudio erakargarriak eta sendoak erabili behar dituzte harreragileek, etorkinak euskarara erakartzeko. Horretarako, harreragileek beraiek egon behar dute konbentzituta etorkinek euskara ikasteak duen garrantziaz». Kasu askotan, ordea, harreragileen artean «jarrera paternalistak» ikusten ditu Irizarrek. «Iruditzen zaie nahikoa kezka eta gorabehera dituztela etorkinek beste hizkuntza bat ikasten hasteko. Baina ez dira konturatzen, agian, etorkin batek lau hizkuntza dakizkiela eta horrek asko errazten duela beste bat ikastea». Hori guztia lortzekogomendio eta tresnak ematen dira gidaliburuan.

Ikasi eta irakatsi

Bigarren zatian etorkinei euskara nola irakatsi eta haiek nola ikasten duten dute aztergai. «Hor oso kontuan hartu behar dira haien jatorrizko hizkuntzak. Prestigiatu eta ezagutu egin behar dira. Jakin behar da baita ere alfabetatuak diren edo ez, zein adin duten, zenbat hizkuntza dakizkiten, zein alfabeto erabiltzen duten...Izan ere, ikas materialak eta metodoak errealitate horietara guztietara egokituta egon behar du». Horren adibideak jarri ditu Irizarrek: «Euskara ikasteko prozesua ez da berdina, adibidez, txinatarrentzat eta marokoarrentzat. Ezta haur batentzat edo adineko batentzat ere». Irakaskuntza prozesu horren barruan, euskararen egungo errealitatearen eta egoeraren berri ematearen garrantzia azpimarratu du Irizarrek. «Nolabaiteko lotura afektibo bat sortu behar da etorkinen eta euskararen artean, hori baita euskara ikasteko prozesuak arrakasta izateko gakoetako bat».

Umeak jartzen ditu horren eredu. «Eskolan ahalegina egin daiteke metodologia egoki bat prestatzeko eta ikasketa prozesu horretan lagunduko dion irakasle espezializatu bat jartzeko. Baina kalean ez badu loturarik euskararekin, arriskua dago ikasketa prozesuak porrot egiteko».

Hala, ezinbestekoa ikusten dute euskararen eta aisialdiaren arteko lotura indartzea ume etorkinen artean. «Haurrak ez dute lotu behar euskara soilik eskolarekin. Euskaraz eta euskararekin ondo pasa daitekeela konturatu eta frogatu behar dute». Errealitate hori gurasoei jakinarazi behar zaiela nabarmendu du Irizarrek. «Gehienetan haiek erabakitzen dute seme-alaba txikiek astialdian zer egiten duten».

Azken atala gizarte harremanen ingurukoa da. «Uste dugu harremanen bidez integraziorako giroa lortzen badugu, gogo gehiago izango dutela euskarara hurbiltzeko, eta hori islatu nahi izan dugu liburuan». Berriro ere ezinbestekoa ikusten dute «jarrera paternalistak eta topikoak» alde batera uztea. Etorkinek jatorrizko hizkuntza errespetatzeak ere asko laguntzen du, Irizarren irudiko: «Gauza txikiekin egiten da hori: haien izena ondo ahoskatuz eta jatorrizko hizkuntzan agurtuz, adibidez».

'Zer egin...?'

Plataforma per la Llenguak kaleratutako beste liburu bat ere egokitu eta itzuli du Emunek: Zer egin..? Euskaraz egiterakoan egunero sortzen zaizkigun egoerei aurre egiteko irizpideak: zeintzuk diren hizkuntza eskubideak, zein den lege araua... Liburu hori eresarean jarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.