Mikel Mazkiaran. SOS Arrazakeriako kidea

«Etorkinak gelditzeko datozela aintzat hartu behar du Atzerritarren Legeak»

Duela urtebete onartu zen Espainian Atzerritarren Legearen aldaketa; etorkinen egonkortasuna zaildu egin duela dio Mikel Mazkiaran abokatuak.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Urtebete igaro da Espainiako Kongresuak Atzerritarren Legea aldatu zuenetik. Oraindik legea garatzeko araudia egin gabe dagoela salatu du SOS Arrazakeriako kide Mikel Mazkiaranek. «Legeak berak gehienera sei hilabeteko epea jartzen dio gobernuari horretarako, eta hasi ere ez dira egin», ohartarazi du.

Betetzen al da legeak jasotakoa?

Kontrol gehiago izateko neurriak eta baimenak berriztatzeko ezarri diren baldintza are gogorragoak bai, horiek betetzen dira. Baina legeak beste arlo bat azpimarratzen du. Atzerritarren Lege batek aurrenekoz integrazioa arautzen du. Printzipioz positiboki baloratzeko da, baina kontuan hartu behar da integrazioa arlo zabala dela eta ezin dela artikulu bakarrean garatu. Hor jaso diren helburuak, kasurako, ez dira betetzen.

Baimenak lortzeko baldintzak zertan gogortu dira?

Beste kontzeptu bat aipatzen du legeak: integratzeko ahalegina. Oraindik ez dakigu zehazki nola geldituko den, oraindik ere berau garatuko duen araudia onartzeko baitago. Hor zehaztu beharko da integratzeko esfortzua zer den. Pentsatzen dugu etorkinek hizkuntza ikasteko edo lana hobetzeko ikastaroak egin dituen edo ez begiratuko dutela. Azken batean, baimena berritzeko beste traba bat da. Gaur egun, etorkinek duten arazo larriena baimena berritzeko trabak dira. Lanik izan ezean, ezin dute berritu, eta krisi egoeran zaila da lana izatea. Berez zaila dena gehiago zaildu dute.

Esfortzu hori nork neurtuko luke?

Gaur egun egoera irregularrean dauden etorkinek sustraitze baimena eska dezakete. Hiru urtean hemen bizi izan direla frogatu behar dute. Urtebeteko kontratua ere eskatzen zaie. Eta gizarte zerbitzuetatik igaro behar dira txosten bat egiteko, sustraitze txostena delakoa. Txosten horretan ikastaroak egin dituzten edo ez jasotzen da. Legeak, baina, integratzeko esfortzua autonomia erkidegoek neurtuko dutela dio. Araudia onartzen denean jakingo dugu.

Eskubide gehiagorik lortu al dute?

Itxuraz bai. Baina horrek badu azalpen bat. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren sententzia batzuk jasotako eskubideak jaso behar izan zituen lege erreformak. Izan ere, duela hamar urte Jose Maria Aznarren gobernuak egindako lege berrikuntzak bertan behera utzitako hainbat eskubide berreskuratu dituzte. Horietatik aparte, ordea, ez die besterik aitortu.

Familia batzea oztopatu dutela salatzen duzue. Zertarako egin dute?

Ez dugu azalpen logikorik ikusten. Legea berritu aurretik ere gurasoak ekartzea nahiko konplikatua zen. Hainbat baldintza bete behar ziren. Estatistika aldetik oso gutxi ziren egiten zutenak.

Egoera irregularrean daudenei zaildu egin zaie erregulazioa lortzea?

Askorik ez da aldatu. Baina araudia onartu arte ezin dugu balantzerik egin. Legeak berak ez du askorik zehazten. Etorkin irregularrek duten kezkarik handiena honako hau da: zenbat urte igaro behar dituzte hemen euren egoera erregularizatzeko? Urte gehiago eskatuz gero, imajinatu zenbat zailduko zaien. Etorkin gehienak baimenik gabe etortzen dira, %85 inguru. Atzerritartasun Legeak ez du hori kontuan hartzen.

Lege berri bat egingo balitz, zer jaso beharko luke balekoa izateko, zure ustez?

Atzerritarren Legeak ezin du immigrazioa erregulatu. Kontzeptu ezberdinak dira. Gaur egun daukagun immigrazioa egonkorra da. Erdiek baino gehiagok bost urte baino gehiago igaro dituzte gurean. Hortaz, legeak hori ere aintzat hartu behar du. Eta bada beste kontu bat oso garrantzitsua: hemen geratzeko etortzen dira. Bitarteko juridiko guztiak egonkortasun horretara zuzenduta egon beharko lirateke.

Azkenaldian politikarien ahotan dago immigrazioa.

Kontuz ibili behar da zer esaten den. Parisen zer jazo zen duela bost urte? Egunen batean haserretu egingo dira, eta ikusiko dugu zer ondorio duten diskurtso horiek. Integrazio plan on baten premia dugu, eta ez halako diskurtsoena. Datorren urtean gurean udal eta foru hauteskundeak izango ditugu, eta politikariei esaten dutenarekin kontuz ibiltzeko eskatzen diegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.