Nafarroako gazteek ez dute lagun taldeetan etorkinen integrazioa sustatzen. Hala adierazi zuen Francisco Javier Eneritz Nafarroako arartekoak, atzo, Nafarroako Parlamentuan. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak etorkinek ikastetxeetan izan duten integrazioari buruzko txostenaren berri eman zuen. Ikastetxeetan «ume etorkinen banaketa» egin behar dela adierazi zuen, eta administrazioei «ikasketetan arrakasta» lortzeko baliabideak eskatu zizkien. Nafarroako gazteek immigrazioari buruz duten ikuspuntua ezagutzea da NUPek egindako txostenaren xedea. Ikerketa egiteko, Nafarroako zenbait ikastetxetan egin zituzten elkarrizketak unibertsitateko hainbat ikertzailek. Eneritzek atzo jakinarazi zituen elkarrizketa horien emaitzak. Hainbat datu kezkagarrirekin. «Etorkinak integratzeko lan gutxi egiten dute gazteek».
«Xenofobia» badagoela eta gizartean nabaritzen dela adierazi dute galdekatutako Nafarroako gazteek. Hala ere, etorkinen talde edo bandarik ez dela sortu ikusi dute txostenaren egileek. «Denetarik dago, baina ghetto-rik ez. Aldiz, elkarte batzuk «gizartearen aurkakoak» bihur daitezkeela ikusi dute ikerketan, arartekoaren arabera. Konponbidea lortzeko bidean, kirola gazteak elkarrekin egoteko tresna garrantzitsua dela uste du.
Nafarroako Hezkuntza Kontseiluak txostenerako emandako datuen arabera, Nafarroako ikastetxe publiko eta itunpekoetan 11.847 etorkinek ikasten dute, ikasleen %11,5ek. Etorkinen %73k ikastetxe publikoetan ikasten dute, eta %27k, itunpekoetan.
Ikastetxe batzuetan ematen den etorkinen «kontzentrazioak» integrazioa zailtzen duela ohartarazi du Eneritzek: «Ikastetxe publiko eta itunpekoen artean banaketa orekatu bat egitea aholkatzen dut». Ikastetxeetan etorkinentzako lekuak mugatzea proposatu du. Zenbait erkidegotan jada ikasle etorkinak «integratzeko» neurriak hartu dituztela azaldu du, eta mugatu dituztela etorkinen matrikulazioak.
Plazaratu duten txostenean ikasle etorkinen jatorriaren berri eman dute: %55 hegoamerikarrak dira, %20 afrikarrak, %18 Europako Batasunekoak, %3 Europakoak eta %2 Asiakoak. Oro har, ikasgelak zehazteko orduan eta ikasleen taldeak egiteko garaian, ikastetxeek «bereizketarik» ez dutela egiten eta umeak elkartzen dituztela azaldu du. Ikastetxe batzuek, ordea, egindako elkarrizketetan, «etorkinek ikasketa maila jaitsiarazi dutela» adierazi diete.
Bada beste arazo bat ere; ikasle etorkin batzuek ez dute eskolatuta egon nahi, arartekoaren arabera. Gehienek lana «lehenbailehen» aurkitzeko ikasketak egin nahi dituzte, eta ez dute goi mailako ikasketetan pentsatzen. Ikasketetan «arrakasta bermatzeko neurriak» sustatu behar direla esan du Eneritzek.
Umeen hezkuntza prozesuan etxekoek duten garrantzia ikasle etorkinen gurasoei azaldu behar zaiela ere nabarmendu du; izan ere, jakinarazi duenez, sarri ikasle etorkinen aita-amek ez dute prozesu horretan parte hartzen.«Seme-alaben hezkuntza prozesuaren parte izan behar dute gurasoek».
Etorkin gazteen integrazioa bermatzeko, administrazioek «politikak, programak eta neurriak» sustatu behar dituzte, Eneritzen esanetan. Gainera, etorkinen inguruan sortu diren «aurreiritziak desagertzeko» lan berezia egin behar dela azaldu du. Bide horretan, integrazioaren inguruan, «gauzak ongi» egiten ari direla baina integrazioa lortzeko «oraindik ere» lan handia egin behar dela gaineratu du, eta bide horretan egoki izan daitezkeen bideak zehaztu ditu.
Integraziorako neurriak
Txostenean etorkinen artean euskara sustatzeko beharra ez dela aipatu salatu zuen, atzoko agerraldian, Nekane Perez NaBaiko legebiltzarkideak. «Etorkinei euskara ez zaie Nafarroako hizkuntza gisa irakasten». Ikasle etorkinak ikastetxe publiko eta itunpekoen artean banatzea «beharrezkoa» dela onartu arren, «arriskutsua» dela iritzi zion.
«Arartekoak aurkeztutako zenbait neurri oso zailak dira betetzeko, baina ezin ditugu alde batera utzi», adierazi zuen, berriz, Javier Markotegi UPNko legebiltzarkideak. Integrazioa lortzea gizartearen eta erakundeen «erronka» dela gaineratu zuen. «Etorkinen integrazioa egongo da, talde minoritarioak goi mailako ikasketak egiten ikusten ditugunean».
Maria Victoria Arraiza PSNko legebiltzarkidea, berriz, aski kritiko mintzatu zen haur eta gaztetxo etorkinak ikastetxe publikoen eta itunpekoen artean banatzeko proposatutako neurriarekin. «Umeak ezin dira ikastetxeen artean banatu; ez dira banatu behar diren esne kaxak», azaldu zuen.
CDNko legebiltzarkide Jose Andres Burguetek, berriz, adierazi zuen unibertsitate publikoak egin duen ikerketa integrazioaren alde egindako lana «hobetzeko» erreferente gisa hartu behar dela hemendik aurrera egin beharreko urratsetan.
Ion Erro NEBeko legebiltzarkideak Nafarroako gizartearen «heldutasunari» buruz hitz egin zuen arartekoaren agerraldiaren harira. Bide horretan, Nafarroako gizarteak, bere horretan, etorkinekin «arazorik gabe» bizitzeko gai izan behar duela adierazi zuen.
«Etorkinak integratzeko lan gutxi egiten dute gazteek»
Francisco Javier Eneritz Nafarroako arartekoak ikasle etorkinekiko jarreraz ohartarazi du txosten batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu