Etorkinek, diasporako euskal herritarrek eta turistek Euskal Herria "hobeto ezagutzeko tresna" argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Miren Azkarate Kultura sailburuak aurkeztu du gaur liburua: Euskal Herria ezagutzea. Bertako kulturan, historian gizartean eta erakundeetan zeharreko bidaia. 88 orrialdetan, Euskal Herriko kultura, gizartea, historia eta instituzioak aurkezten ditu liburuak. 12.000 ale atera dituzte, zazpi hizkuntzatan: txineraz, errumanieraz, euskaraz, arabieraz, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez.
Eusko Jaurlaritzako hiru sailek elkarlanean prestatu dute argitalpena: Kultura Sailak, Immigrazio Zuzendaritzak eta Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzak. Gaur goizean aurkeztu dute gida, Donostian, Miren Azkarate Kultura sailburuak, Ramon Zallo unibertsitate irakasleak eta Josu Legarreta Kanpo Harremanetarako zuzendariak. Bihar edo etzi interneten jartzea espero dute, www.euskadi.net atarian.
Gida osatzeko bost urte inguru eman dituzte lanean, Ramon Zallo Kultura Saileko aholkulariak ziurtatu duenez. Zallok berak idatzi zuen lan "mardulago" batean oinarritu dira gida osatzeko. Mikel Ayuso kazetariak lagundu du idazketan. Hala ere, "ideiak eta kontzeptuak" bereak direla argitu du Zallok. Turismo gidetan ohiko den "idazketa propagandistikoa" alde batera utzi, eta idazketa "deskribatzaile" bat bilatu dutela ere azaldu du: "Herrialdeko sentsibilitate guztientzako egokia izango zena". Kultura ezberdinetako pertsonengana iristeko moduko testua sortzen saiatu direla adierazi du.
Liburuaren abiapuntua zein den gogorarazi du Miren Azkaratek: "Gure artean gelditzeko datozen etorkinek urteak eta urteak ematen dituzte gora eta behera, integratzen diren gizatearen zenbait gako ulertu ahal izateko". Asmoa "komunitateen arteko komunikazioa" sortzea dela azaldu du sailburuak.
Euskal Herria eta polemika
Kazetarien galderei erantzunez, Azkaratek onartu du polemika sortu, sor daitekeela, liburuak Euskal Herriko berri ematen duen neurrian. "Baina inoiz proposamenik egiten ez bada, ez dugu inoiz aurrera egingo", ohartarazi du. Zallok azaldu du zein irizpide erabili dituzten liburua osatzerakoan: "Euskal Herria, Pais Vasco, edo Vasconia —hirurak erabiltzen dira liburuko testuan— euskal herritarren herria da". Badaude loturak, historian, ondarean, artean, kulturan, hizkuntzan eta nortasunean, Zalloren ustez. Baina Euskal Herria hitzak ez du eremu politiko-instituzionala adierazten.
Euskal Herria kultur entitate moduan aurkezten du liburuak, baina baita hiru eremu politiko ezberdinen batuketa moduan ere —Euskal Autonomi Erkidegoa, Nafarroako Foru Gobernua eta Ipar Euskal Herria—. Gida osatzeko, kulturalki bat den herri horren berri eman dute egileek. Ekonomiaz eta politikaz jardun dutenean, ordea, zatiketa instituzionala eta politikoa aintzat hartu dute.
"Begiratu orokor bat, bertakoek ere onartzeko modukoa den kontakizun soziala" osatzen du testuak, Zalloren hitzetan.
Gizartea
Etorkinei Euskal Herria ezagutarazteko liburua kaleratu du Jaurlaritzak
Diasporan eta turisten artean ere banatuko dute gida; 12.000 ale publikatu dituzte zazpi hizkuntzatan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu