Espainiako Gobernuak paperik gabeko etorkinei osasun publikoa erabiltzeagatik kobratzea «giza eskubideen aurkakoa» dela uste du Caritasek. Etorkinek osasun arreta jasotzeko eskubidea dutela aldarrikatu du, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio osasun arreta ziurtatzeko. Salatu du gobernuaren erabakiak «modelo aldaketa» ekarriko duela, eta «giza talde ahulenei» egingo diela kalte. Esan du gobernuak «sistema paralelo» bat eratu nahi duela etorkin papergabeak artatzeko, «irabaziak lortzeko» xedearekin; neurri horiek «gizakien berdintasunaren aurka» doazela uste du. Horregatik, neurriak ekarriko dituen ondorioen inguruan «hausnarketa sakona» egiteko eskatu die Caritasek gobernuari eta alderdi politikoei.
Espainiako Gobernuak Aldizkari Ofizialean argitaratu du etorkinei osasun publikoa erabiltzeagatik kobratzeko asmoa. Etorkin papergabeek 710 euro ordaindu beharko dituzte urtean —59,20 euro hilero—, zerbitzu hori erabiltzeagatik. 65 urtetik gorako etorkin irregularrek, berriz, 1.864 euro ordaindu beharko dituzte urtean —hilero 155,40 euro—. Paperik gabeko etorkinen multzotik zenbait talde salbuetsiko ditu Espainiako Gobernuak: haurdun dauden emakumeak, sexu esplotazioa jasan dutenak, errefuxiatu politikoak eta adingabeak doan artatuko dituzte; botiken %40 ordaindu beharko dute, ordea.
PPk esan du Europako Batasunak emandako jarraibideekin bat datorrela Espainiako Gobernuaren erabakia. Zehaztu du osasun zerbitzu publikoa «erreformatzen eta doitzen» ari dela gobernua; osasun zerbitzu publikora jotzen duen pertsona oro artatuko dutela jakinarazi du alderdiak, eta paperik gabe daudenen egoera normalizatzeko «ahal duen guztia» egingo duela gobernuak. Espainiako Kongresuko PPko bozeramaile Alfonso Alonsok uste du «logikoa» dela paperik gabeko etorkinek osasun zerbitzu publikoa erabiltzeagatik pagatzea. Adierazi du «denei» gustatzen zaiela «kalitatezko, doako eta estaldura unibertsaleko» osasun zerbitzu bat edukitzea, baina zerbitzu hori eskaintzeko aukera bakarra «ekonomikoki bideragarria» izatea dela zehaztu du. Horren harira, esan du «ezinezkoa» izango dela gisa horretako osasun zerbitzu bat eskaintzea;«kaxoian ordaindu gabeko zor asko» daudela esan du Alonsok.
Aralar alderdiak Nafarroan duen koordinatzaile Asun Fernandez de Garaialdek, bestalde, Mariano Raxoiren gobernua kritikatu du: «Beste behin ere, giza talde ahulenen aurka egin du Espainiako Gobernuak, bere akatsen eta krisi ekonomikoaren pisua ahulenen bizkar gainean jarriz». Horren harira, zehaztu du «eskuindar xenofoboek» eraso egin dietela paperik gabeko etorkinei, osasun zerbitzu publikoa erabiltzeagatik kobratu nahi dietelako. Fernandezek adierazi du ongizate estatua «hankaz gora jartzeko» aitzakitzat erabiltzen duela gobernuak krisi ekonomikoa. Nabarmendu du osasun sistemak «doakoa eta unibertsala» izan beharko lukeela; giza talde ahulenei zerbitzu hori erabiltzeagatik kobratzea «bidegabea» dela uste du.
Bestalde, Fernandezek «azalpenak emateko» eskatu dio Nafarroako presidente Yolanda Barcinari (UPN): «Jakin nahi dugu erreforma honi aurre egiteko zein jarrera hartuko duen UPNk. Galdetu nahi diogu ea 710 euro kobratuko dizkien paperik gabeko etorkinei, osasun sistema zerbitzu publikoak erabiltzeagatik. PPk hartutako erabakiei men egiten jarraituko ote duen jakinnahi dugu; hori egin du UPNk orain arte».
Fernandezen hitzetan, «kutsu xenofobo argia» dauka Espainiako Gobernuak hartu duen erabakiak; esan du hori ematen dutela aditzera Espainiako Kongresuko PPko bozeramaileorde Rafael Hernandoren hitzek. Espainiak «legez kanpoko immigrazioaren jokaleku nagusi» izateari utzi behar ziola esan zuen herenegun Hernandok; Espainian bizi diren etorkin papergabeei jaioterrietara itzultzeko eskatu zien.
Etorkinei osasun arreta ziurtatzeko eskatu dute
Caritasen ustez, «giza eskubideen aurkakoa» da etorkin papergabeek osasun publikoa erabiltzeagatik pagatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu