Etorkinei osasun txartela lortzen ez laguntzea egotzi diote Txagorritxuko erietxeari

SOS Arrazakeriak egindako salaketa guztiz ukatu du Gasteizko erietxeak; azaldu du ez dela egon bazterkeriarik

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Gasteizko Txagorritxu ospitaleko gizarte zerbitzuek haien lanaren zati bat elkarteen esku uzten dutela salatu du Arabako SOS Arrazakeriak. Duela lau egun gertatu zen azken kasua. Osasun txartela ez zuen adingabe bat artatzeko eragozpenak jarri zizkieten hasiera batean, eta, txartel hori lortzeko, eskubide berdintasunaren alde diharduten elkarteetara bideratu zituzten.

Atzo eman zuten jazoeraren berri. Txagorritxu ospitalean gizarte langileak daudela gogorarazi zuen Fede Garcia SOS Arrazakeriako Arabako bozeramaileak, eta zerbitzu horiek beren gain hartu behar dituztela. «Zertarako balio dute bertako gizarte zerbitzuek?». Osasun txartela eskuratzeko ezinbestekoa da errolda, baina, kasu honetan, gizarte zerbitzuen baliabideekin izapide horiek egin beharrean, elkarteetara bideratu zituztela salatu zuen.

Txagorritxuko ospitaleak, ordea, guztiz ukatu du SOS Arrazakeriaren bertsioa. «Inork ez zituen gobernuz kanpoko erakude horretara bideratu», azaldu du zentroko zuzendari Francisco Vilarrek. Txartela lortzeko informazioa eman zietela azaldu du. Larrialdietan, gainera, eriak aurrena artatu egiten dituztela nabarmendu du, eta gero eskatzen dizkietela agiriak. Horiek horrela, bazterkeria oro ukatu du erietxeak.

Sinatu arte, arretarik ez

SOS Arrazakeriak azaldu du azaroaren 29an izan zela jazoera. Umedleila Saleh Sidi Alik Txagorritxuko larrialdi zerbitzura jo zuen, haren bi urte eta lau hilabeteko alaba katarroak jota zegoelako. Duela hilabete luze heldu ziren Mendebaldeko Saharatik alabari eskuin eskuan duen gaitz bat sendatzeko ebakuntza egiteko itxaropenarekin. Hilaren 29an, ordea, beste behar batekin jo zuten Txagorritxura; itzultzaile lanak egin zituen lagun bat izan zuten ondoan.

Osasun txartela eskatu zieten ospitalera heltzean, eta, horrelakorik ez zutela ikusita, paper bat sinatzeko eskatu zioten amari. Paper horretan sendagilearen kontsultagatik 100 euro ordaindu beharko zituela zehazten zen, baldin eta hamar eguneko epean osasun txartela eramaten ez bazuen. Itzultzaile lanak egiten zituen lagunak, Santiago ospitaleko larrialdietara joan zitezkeela esan zuen orduan. «Ia ez ziguten ateratzen uzten hori esan nuenean», azaldu zuen atzo amaren lagunak.

Emakumeen lekukotzaren arabera, azkenean Osakidetzako agiria sinatu, eta horren ostean sendagilearengana heldu ziren. Hurrengo egunean Txagorritxuko gizarte zerbitzuetara deitu zuten, eta bertan SOS Arrazakeriara jotzeko aholkua eman zieten.

Egun gutxi barru Saleh Sidi Alik eta bere alabak osasun txartela jasoko dutela esan du Garciak. Ez du dudarik, Txagorritxun zein Osakidetzako edozein tokitan arreta «bikaina» jasoko dute. Adingabe bat artatzeko hasiera bateko eragozpenak kritikagarritzat ditu, ordea, bai eta Txagorritxuko gizarte zerbitzuek izandako jokabidea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.