Etorkinen kontrako jazarpenaz abisu eman du Nafarroako SOS Arrazakeriak

Poliziaren jarreraz ohartarazi dute; Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko eguna dela eta, ekimen ugari abian

SOS Arrazakeriako kideak, atzo, Iruñeko autobus geltokian; horixe da puntu beltz gisara aurkeztu duten lekuetako bat. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Iruñeko autobus geltokian autobusetik jaitsi eta identifikatzeko dokumentuak eskatu ohi dizkiete poliziek etorkinei, itxura hutsagatik, polizien nahiaren arabera. Beatriz Villahizan Nafarroako SOS Arrazakeriako kideak Poliziaren jarrera salatu du. Azken hilabete hauetan hainbat salaketa jaso dituztela esan du, eta «toki arriskutsuen mapa» osatu dute; arazotsuenen artean dago, hain justu, Iruñeko autobus geltokia. Etorkinak kalera ateratzeko beldur direla azaldu du Villahizanek. Atzo Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen, eta eguna ekimen sorta zabala plazaratzeko baliatu zuen Nafarroako SOS Arrazakeriak. Aurkezpena egiteko toki «ezohikoa» hautatu zuten. «Autobus geltokira etorri gara, hemen arrazakeria eta xenofobia sustatzen direla salatu nahi dugulako». Azken hilabeteetan jazoera itsusiak ikusi dituzte: «Poliziak etorkinei dokumentuak eskatu dizkiete, haien itxuragatik, poliziek immigranteak direla uste dutelako».

Guztira 25 salaketa jaso dituzte, eta horietatik hamabi autobus geltokian jazotakoak dira. «Autobusetik jaistean edo autobusa noiz etorriko zain daudela eskatzen dizkiete agiriak». Villahizanek adierazi duenez, autobus geltokian bakarrik ez dira ibiltzen poliziak «paperak eskatzen»: Espainiako Enplegu Institutuko bulegoetako inguruak, etorkinen elkarteetatik gertu dauden bazterrak, hiriko autobus geltokietan eta osasun etxeetatik hurbil dauden lekuetan ere etorkinei eskatu ohi diete identifikatzeko, besteak beste. Uniformea jantzirik edo kaleko jantzian egiten dituzte salaketak poliziek.

«Etorkinek erabili ohi dituzten lehen mailako zerbitzuak dira, eta, identifikazio agiriak eskatuko dizkieten beldur direnez, ez dira joaten». Poliziaren jarreraren beldur, etorkinak etxean «preso» gelditzeko arriskua dagoela adierazi du Villahizanek.

Legezko paperik gabe harrapatzen badituzte, etorkinen aurkako txostena irekitzen dute poliziek. Horrek etorkinen egoera «legeztatzeko» arazoak eta deserriratzeak dakartzala salatu dute SOS Arrazakeriako kideek. «Deserriratu nahi dituztenak atzerritarrentzako zentroetara eramaten dituzte lehenengo. Nafarroako gehienak Madrilgo Aluche zentrora eramaten dituzte». Villahizanek esan du zenbaitetan deserriratzea inor abisatu gabe egin ohi dela. «Jatorrizko herrialdean daudenean senideei deitzen diete, eta esaten diete bertan daudela». Beste batzuetan, deserriratu ondoren txostena bertan behera uzten dutela azaldu du.

«SOS Arrazakerian Atzerritarren Legea berriz aztertzeko eskatu dugu behin eta berriz», gogora ekarri dute. Identifikazio kontrolak eta «ilegal edo irregular» trataera berrikusi egin behar direla esan duIon Kepa Soltxaga SOS Arrazakeriako kideak. Hortaz, etorkinen aurkako polizien «jazarpenak» ikusten dituztenei salaketa jartzeko eskatu diete.

Muga guztien gainetik, migrante izatea ez da delitua lelopean arrazakeriaren aurkako astea antolatu du Nafarroako SOS Arrazakeriak. Etorkinek Iruñean jasaten duten «jazarpena» eta horien ondorioz jasaten dituzten egoerak izango dira gai nagusia ekimen guztietan. Atzo, esate baterako, Zabaldi elkartean bi erakusketa martxan jarri zituzten.

Salaketa Gasteizen

Pertsona migratzaileen eskubideen aurka doazen instituzioen «politika murriztaile, autoritario eta sexistak» salatu ditu KIRAk ere, Arabako Etorkin eta Errefuxiatuen Koordinakundeak. Europako Batasunaren Itzulerarako zuzentaraua, Espainiako Gobernuaren Atzerritarren Legearenmoldaketa eta Eusko Jaurlaritzak Heldu zerbitzua bertan behera uztearen moduko erabakia horren isla direla gogorarazi du elkarteak, eta mugarik gabeko herritartasun baten aldeko aldarria plazaratu du. Ideia horiek defendatzeko, eta aldaketak eskatzeko, elkarretaratze bat egingo dute datorren larunbatean Gasteizen; Andre Mari Zuriaren plazan, 16:30ean.

Arrazagatik egindako diskriminazioaren aurkako nazioarteko egunaren barnean ehunka hiritar «gelditu» egin ziren atzo Stop Arrazismoa ekimenak deituta. 19:30ean ehunka lagunek izoztuta egotearen plantak egin zituzten Gasteizko, Bilboko, Donostiako, Eibarko, Irungo, Getxoko eta Tolosako kaleetan. Bost minutuz denbora gelditu izan balitz bezala egon ziren, ibiltarien harridurarako, eta, horren ostean, ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraitu zuten haien bidea. Zer pentsa eman zuten. Gipuzkoako SOS Arrazakeriak iganderako Berdintasunaren Aldeko Martxa deitu du; Trintxerpetik Donostiara joango da.

Hainbat erakundek eta alderdi politikok ere baliatu zuten atzoko eguna xenofobiaren kontrako mezua plazaratzeko. Aralarrek, esaterako, «bestelako immigrazio eta harrera politika» eskatu zituen ohar baten bidez. Krisiak etorkinak gogor erasan dituela gogorarazi dute Aralarreko ordezkariek, eta horren araberako neurriak eskatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.