Etorkinen zerbitzu juridiko berriak mila kontsulta jaso ditu uztailetik

Heldu zerbitzua bertan behera uztea defendatu, eta zerbitzu bereziak ematearen aurka agertu da Zabaleta sailburua

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Etorkinei babes juridikoa emateko Eusko Jaurlaritzaren tresna berriak mila kontsulta jaso ditu azken bi hilabete eta erdian, Heldu zerbitzuaren kontratua ez luzatzea erabaki zutenetik. Kontsulta horietatik, 450 Heldu zerbitzuan txostena irekita zeukaten pertsonek egin dituzte, 300 zerbitzura lehengoz jo duten atzerritarrenak izan dira, eta 200, oinarrizko gizarte zerbitzuen langile edo teknikarienak.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Sailak 2002. urtean ireki zuen Heldu zerbitzua, baina berau emateko modua aldatzea erabaki du, eta administrazioaren egituran txertatu. Oinarrizko zerbitzuetan edota egoera irregularrean dauden atzerritarren kontsultei erantzuteko helbide elektroniko bat eta telefono bat jarri zituen azaroaren 15ean. Ordudanik jasotako kontsulta gehienak telefonoz argitu dira, eta 110 aldiz aurrez aurre eman dute arreta, presazko gaiak edota babes zuzena behar izateagatik.

Datu horiek erakusten dute Helduren eredua ez zela «egokia», Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuaren ustez. Heldura iristeko, oinarrizko gizarte zerbitzuetara jotzea ezinbesteko zen, eta horren ostean bilera zuten Helduko bulegoetan. «Kasu guztietan aurrez aurreko bilera ez da beharrezkoa, batzuetan informazioa baino ez dutelako nahi», nabarmendu du Zabaletak Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean.

Zerbitzu berezirik ez

Heldu «zerbitzu berezia» zela berretsi du Zabaletak, hau da, egoera irregularrean zeuden atzerritarrei administrazioaren beste eremu batzuek ematen dizkieten zerbitzuak ematen zizkiela. Eta zerbitzu bereziak ematearen aurka agertu da Zabaleta. «Bertokoek jarraitzen duten bidetik aldentzen baditugu, orduan gerta liteke bazterkeria».

Zerbitzu bereziek dakartena zerbitzu bera bitan ematea dela gaineratu du sailburuak, eta gaur egun dauden zerbitzuak indartzera jo behar dela arrazoitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.