Etorkinentzako zentroak ixteko eskatu dute hainbat elkartek Nafarroan

Agerraldia egin dute SOS Arrazakeriak, Paperak Denontzat-ek eta Etorkinen Elkarteen Koordinakundeak

Beatriz Villahizan, Javier Urroz eta Marcelo Argañaraz, atzo. L. F. ARROIABE / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
«Bertze izen bat duten etorkinentzako kartzelak». Horixe dira Etorkinentzako Zentro Itxiak, Nafarroako Etorkinen Elkarteen Koordinakundeko kide Marcelo Argañarazek salatu duenez. Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin du, Paperak Denontzat elkarteko Javier Urrozekin eta Nafarroako SOS Arrazakeriako Beatriz Villahizanekin batera. Parlamentarien aurrean azaldu dituzte etorkinentzako zentroen inguruan egin diren txostenetan jasotako datuak, eta zentro horiek ixten laguntzeko eskatu diete. «Giza eskubideak urratzen dituztelako; nazioarteko legeak urratzen dituztelako; mehatxuak, torturak eta heriotzak gertatzen direlako».

Nafarroan halako zentrorik ez da. Espainiako Gobernuak bederatzi kudeatzen ditu. «Horiek dira onartutakoak, baina gehiagoomen daude, 12-14 denera». Nafarroatik paperik ez duten etorkinak Madrilgo Alucheko zentrora bidaltzen dituzte. «Hori da salaketa gehien jaso duena, Bartzelonakoarekin batera», azpimarratu du Javier Urrozek. Hori dela eta, Nafarroako Parlamentuko kideei zentro horretara bisita egin dezatela eskatu die agerraldian, «errealitatea zein den ikus dezaten».

2006tik 2011 bitarte, etorkinak kanporatzeko 500 txosten inguru egin dira urtean Nafarroan. Haietako 70-80 gauzatu dira. Alucheko zentrora 86 pertsona eraman zituzten iaz, adibidez. Espainiako Gobernuak dituen zentroetan, denera, 18.000 etorkin zegoen 2011n, eta haien erdiak kanporatu zituzten. «Kanporatzeko aukerarik ez dagoenean ere zentroetara eramaten dituzte, beldurtzeko», salatu du Beatriz Villahizanek.

Argañarazek nabarmendu du Nafarroan 7.000 edo 8.000 pertsona inguru bizi dela paperik gabe, eta, ondorioz, Etorkinentzako Zentro Itxietara eramateko arriskuan direla. Paperik ez izatea ez dela delitu gogoratu du, falta baino ez dela. «Zentro horiek, ordea, immigrazioa eta delinkuentzia lotzea dute helburu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.