"Kataluniako Parlamentuak beharra ikusten du Kataluniako herriak bere etorkizun kolektiboa libreki eta demokratikoki erabakitzeko, eta gobernuari eskatzen dio bere borondateari buruzko galdeketa egiteko". Hori da CiUk gainerako alderdiei proposatu dien adierazpenaren azken puntua. Ez du independentzia hitza aipatu testuan, ezta estatu hitza ere, baina nazioarteko komunitatearekin hizketan hasi beharra proposatu du.
Bihar politika orokorrari buruzko eztabaida hastekoa da Kataluniako Parlamentua, eta azken egunotan herrialdearen etorkizun politikoari buruz sortu den eztabaida izango da mahai gainean. CiU, ERC, ICV eta Solidaritat negoziaziotan ari dira, testu bakar bat adostuta eramateko eztabaidara. Kataluniaren "etorkizun kolektiboari" buruzko galdeketa bat egitea proposatu du CiUk bere testuan. El Pais eta Vilaweb.cat kazetek eman dute CiUren zirriborroaren berri.
CiUk gainerako alderdiei egin dien proposamen horretan, ordea, ez du zehaztu galdeketa nola egingo litzatekeen, ez noiz egingo litzatekeen ere; ez du zehaztu, ezta ere, erreferendum bati buruz ari den, edo hauteskundeak aurreratzeko aukerari lotua dagoen.
Zirriborroak dio irailaren 11ko Diadan "manifestazio erraldoia" egin zela, eta proposatzen du parlamentuak mobilizazio hura zoriondu eta aitortzea. "Hogeita hama urteotan, katalanismoaren parte garrantzitsu baten konpromio sakona izan da Espainiako Estatuaren eraldaketa lortzea, bertan ahokatu ahal izateko gure nazio asmo zilegiei uko egin beharrik izan gabe (...)", dio CiUren testuak: "Baina Katalunia Espainiako Estatuan ahokatzeko ahaleginak ibilbiderik gabeko bide dira, Kataluniak bere trantsizio nazionala hasi behar du, erabakitzeko eskubidean oinarrituta".
CiUk proposatutako testuak Generalitateari eta eragile sozial, politiko eta ekonomikoei eskatzen die "posible den eta adostasun gehienarekin" jarduteko aurrerantzean, eta nazioarteko komunitatearekin, Europako Batasunarekin eta Espainiako Gobernuarekin elkarrizketak hasteko.
Hedabideek testuaren berri eman aurretik, Oriol Pujol CiUren idazkari nagusiak esana zuen bihar "erabaki garrantzitsuak" izango direla. ERC, ICV, Solidaritat eta CiU testu bateratu bat adostekoak zirela ezaguna zen, baina edukiak ez.
Rubalcaba, estatu federalarekin, eta militarrak kexu
Gaur, hain justu, Espainiako Konstituzioa aldatu eta estatu federal bihurtzeko bidea egiteko prest agertu da, lehen aldiz, PSOE idazkari nagusia, Alfredo Perez Rubalcaba. "Ados jartzea da gakoa", adierazi du, legeak alda daitezkeela iradokiz.
Gaur, hain justu, AME Espainiako Militarren elkarteak ohar bat kaleratu du; Kataluniak independentziaren bidea hartzen badu, Espainiako Konstituzioak emandako "misioa betetzeko" egoeran aurkituko liratekeela esan dute militarrek, "gure aberriaren subirautza, indepentzia eta lurralde osotasuna bermatzeko". Kataluniari independentziaren bidea hartzen ez uzteko eskatu diete militarrek Espainiako gobernu eta auzitegiei.
Antzerako adierazpenak egin zituen orain berri Francisco Alaman Castro Espainiako armadako koronelak. Kataluniako Justizia Auzite Nagusiko Fiskaltzak tramitera onartu du Alamanen aurkako salaketa bat. "Mehatxuak eta genozidioari apologia" egitea leporatu dio Catalunya Diu Prou plataformak.