Aurtengoa euskarazko hedabidearentzat urte zaila izaten ari dela aitortu zuen atzo Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak. Baina itxaropenerako arrazoirik badela erenabarmendu zuen: «Garai zailetan ari garen arren, proiektu honek etorkizuna du, sekulako etorkizuna». BERRIAlagunen kanpaina jo du horren adierazle.
Kontua da BERRIA ez dela, dagoeneko, 1990eko hamarkadan sortu zen proiektu hura. Euskarak ez zuen eguneroko prentsa idatzian lekurik garai hartan, eta zulo hura betetzeko sortu zen Euskaldunon Egunkaria: euskara hutsezko egunkari nazionala, paperezkoa. Internet izango zenik ere ez zen usaintzen orduan.
Asko aldatu dira informazioa jasotzeko eta bidaltzeko moduak harrezkero. BERRIA paperean eta Berria.info sarean, aldi berean sortu ziren biak, 2003an; garaiak eta moduak aldatzen ari ziren seinale. Gaur, euskarazko hedabideak ez du euskarri bakarra; papera oraindik proiektuaren «muina»bada ere, «multiplataforma» da gaur BERRIA: euskarri askotan agertzen den informazio jario bat. Helburuak lehengo berberak dira, baina lan egiteko moduak eta lana kaleratzeko euskarriak aldatu dira. Hamaika Telebistak eta BERRIAk Zinemaldian egin duten telebista saioa aipatu du garai berri horien adibide gisa Larrartek.
Gero eta euskarri gehiagotan dago BERRIA, eta inoiz baino irakurle gehiago ditu. Baina, garai berrien zeinua da hori ere, paperezko edizioaren salmentak eta publizitate sarrerak behera doaz. Paperezko egunkarien oinarrizko diru sarrerak izan direnak galtzen ari dira, baina Internetek eta euskarri berriek ez dute diru sarrera esanguratsurik ekarri.
BERRIA Taldeak argi ikusi zuen erronkaren tamaina iaz, eta horregatik hasi zuen BERRIAlagunak egiteko eta hedabidearen komunitatea antolatzeko lana. «Beste oin bat behar du proiektuak, bideragarri egiteko», azaldu du Larrartek. BERRIA Taldea ez da bakarra izan, ugaritzen ari dira bere komunitatearen babes ekonomikoa galdegiten ari diren komunikazio proiektuak.
Hamar hilabetean, 3.706 lagunek erabaki dute BERRIA Taldeari babesa ematea. Zerbaiten seinale dela uste du Larrartek. Euskarazko hedabidearen beharra sentitzen duen komunitate bat egon badagoela eta laguntzeko prest dagoela sumatu dute BERRIA Taldeko kideek. Bide horretan sakondu nahi du taldeak, BERRIAlagun gehiago eginez eta haien ekarpenak proiektura ekartzeko bideak jarriz. Komunitateari parte hartzeko aukerak ematea izango da, aurrerantzean, taldearen zereginetako bat. Udazken honetan, gainera, Zure ziztada behar dugu kanpainari beste bultzada bat emango dio taldeak, komunitatea zabaltzeko eta trinkotzeko.
Komunikazioa. BERRIAlagunen batzarra
Etorkizuna izan bada komunitatean
BERRIAk «sekulako etorkizuna» du, Joanmari Larrarte BERRIAko kontseilari ordezkariaren esanetan. Komunitatearen ekarpenak antolatzea izango da geroa bermatzeko oinarrietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu