Egungo egoera politikoak duela lau urtekoarekin "zorionez" ez duela antza askorik nabarmendu du; ez bakegintzaren ikuspegitik, ezta normalizazioaren ikuspegitik ere. Hala ere, azaldu du horrek ez duela esan nahi eurak nahi duten jokalekura heldu direnik, baina bai bidean daudela.
Bakegintzan aurrerapausoak emateaz gain, "independentziaren aldeko batasuna egituratzea eta independentismoak gizartean duen pisua erakundeetan ere izan zezala" nahi izan zuten duela lau urte, eta bi helburu horiek bete dituztela adierazi du. Horregatik, lanak eginak dituztela azaldu du, eta begirada etorkizunean jartzen dutela, orain etorkizuneko "helburu eta ardatzak finkatzeko unea" dela adieraziz.
Etorkizuneko ardatzak finkatzeko beharra nabarmendu du; bide horretan Euskal Herriak aldatzen jarraituko duela dio, eta "horrek autodeterminazio eskubidea erabiltzera eraman beharko gaitu", esan du. Horretarako, lehenengo pausoa parte hartze prozesu bat eratzea izango dela jakinarazi du Urizarrek. Militantziak EAn duen garrantzia nabarmendu du, urteetan militanteek egindako lana goraipatu, eta orain eskualdez eskualde prozesu parte hartzaile horretan lan egingo dutela azaldu.
Euskal Herriaren politikan azkenaldian eman diren aldaketen bultzatzaileak independentistak izan direla nabarmendu du. Euskal Herrian eta Katalunian ematen ari diren independentziaren aldeko mugimenduak ekarri ditu gogora; "egoera aldatzen ari da, nabarmen", azaldu du. Espainiako Estatua Euskal Herrian zabaltzen ari den gogoeta prozesu hori oztopatzen ari dela adierazi du, baina alderdiei jarrera aldatzea kostatzen ari zaien arren, duela lau urteko bera ez dela adierazi du. EAJri ere eskatu dio gaur egun aurrean duen aukera historikoa baliatzeko.