Nafarroako Lurralde Estrategiaren proiektuak «etorkizuneko Nafarroa» osatzeko gakoak jaso ditu agiri batean. Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza Sailak bultzatutako ekimena da Nafarroako Lurralde Estrategia, eta, proiektu horren arabera, Pirinioak, Ebroko ibarra, Iruñea hiriburuaren ingurua eta Ardatz Atlantikoa bultzatuz gero, «herrialde orekatua» lortuko litzateke.
Proiektuaren arduradunen arabera, lau gune horiek oinarritzat hartuta osatutako lurralde eredua «baterakoia, eta, aldi berean, askotarikoa» litzateke, eta «Europari eta munduari» so eginen lioke.Ebroko ibarrari dagokionez, «bere protagonismoa bultzatzea» izanen da Nafarroaren erronka, proiektuko arduradunek aurkeztutako agiriak jasotzen duenez, «Ebroko ibarra espazio estratategiko bilakatuko delako».Logroño eta Zaragoza hirien arteko gunea sortzeko aukera proposatu du agiriak, «Nafarroa ardatz atlantikoaren eta mediterraneoarraren arteko zubi izan dadin».Proiektuko arduradunentzat orekarako espazio berezia da Ardatz Atlantikoa, «garapen jasangarria bultzatzeko funtsezkoa, naturari eta kulturari dagokionez duen aberastasuna kontuan hartuta». Ardatz horretan «kudeaketa berezia eta egokia behar» dela aipatzen du agiriak.
Natura elementu nagusi
Agiriak natura aipatzen du elementu nagusitzat Pirinioetako gunean. Proiektuak, hain zuzen ere, gune hori Europako mendi sareetan sartzeko aukera azpimarratzen du. Pirinioetan hainbat administraziok esku hartzen dutela azaltzen du, eta, ondorioz, denen arteko ekimenak bultzatzeko eta guztiak batuko dituen irudia sortzeko beharra nabarmendu du.
Erdiko guneari buruz, azkenik, espazio horrek Iruñeko mugak gainditu beharko dituela dio agiriak, eta hori izanen dela Nafarroa «Europako espazio handiekin lotuko duena».
LURRALDE ESTRATEGIA
«Etorkizuneko Nafarroaren» gakoak bildu ditu Gobernuak agiri batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu