restige ontziak istripua izan eta fuela Euskal Herriko kostaldera ailegatzen hasi zenean, haserrea zen nagusi gure hondartzak erabiltzen zituztenen artean. Uda heldu eta bainu sasoia hasi zenerako, lehenengo egunetako ernegua baretuta zegoen. Ia hilabete eta erdi igaro da bainu sasoia hasi zenetik, eta galipota hondartzetara eten barik sartu bada ere, hondartzetako erabiltzaileak txapapotearekin bizitzera ohitu direla dirudi.
Prestige-ren hondamendiak kalte handiak egin ditu Bizkaiko hondartetan, eta gehien, Bakiokoan. Atzo eguerdian ur bazterretik paseotxo bat egitea zen hori frogatzeko modurik onena: tamaina guztietako galipot orbanak edonon. Gainera, askok eta askok kaio luma zeukaten bandera gisa, edo bestela, arean eginiko biribilgune batek adierazten zien hondartzako erabiltzaileei minatutako ingurua zela hura. «Garbitzaileak goizean-goiz etortzen dira, eta itsasontzi txikia ere hor ari da lanean, fuela hondarrera ez heltzeko. Baina itsasgora da, eta apurka-apurka sartzen da. Itsasbehera denean ikusi beharko da nola gelditzen den hau», dio uztailaren erdi aldera Bakiora opor egunak igarotzera heldu zen gizonezko batek. Beste askok bezala, burua behera begira ari zen oinez. «Beste erremediorik ez dago, etxera gogoko ez duzun opariarekin joan gura ez baduzu». «Ni zikintzeak ez dit horrenbeste ardura. Umeak hondarrarekin jolasten ikusteak gehiago beldurtzen nau», gaineratu du bere ondoan zen emakume batek.
Gomendioei jaramon egin gabe, ia guztiak ortozik
Bakioko hondartzaren sarreran Eusko Jaurlaritzak jarritako panela dago. Bertan, argi eta garbi esaten da ur bazterretik ibili gura duenak oinetakoekin egin behar duela. Atzo galipota egon arren, gehienak ortozik zebiltzan. Gomazko oinetakoekin zebilenetako bat Jose zen, Madrildik Bakiora azken bederatzi urteetan etorri den turista. «Nik badakit haserre egoteko modukoa dela, baina galipotaren arazoa zegoela jakinda etorri ginen Bakiora. Lehen egunean, oinetako barik ibili nintzen, eta oin azpiak beltz-beltz eginda joan nintzen etxera. Hortik aurrera, sandaliekin ibiltzea erabaki nuen», dio.
Horrelako neurriak hartzen ez dituztenek badakite zer egin behar duten: lehenbailehen azalean itsatsita geratutako fuel-oila kendu. Bainu sasoia hasi zenean, Bakioko hondartzako sorosleengana jotzen zuten garbitzeko material eske. Jakina, horiek ez zeukaten ezer. Kexa asko entzun zituzten orduan. Orain, baina, konpondu dute arazoa. Izan ere, papera eta xaboia jarri dituzte euren txokoaren aurrean, behar duenak erabili dezan. «Askok erabiltzen dute. Orain dagoen moduan egoten da hondartzan jende asko dagoen egun guztietan», agertu zuen sorosle batek, fuel arrastoak hanketatik kentzen ari ziren sei-zazpi laguneko talde bati begira.
Fuela egunen arabera sartzen dela dio sorosleak. «Sartu egunero egiten da, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago. Ostegunean, adibidez, asko sartu zen». Hondartza zikin egoteak nolako eragina izan duen galdetu zuen Berriak Bakioko Turismo Bulegoan. «Ez zaigu inor etorri galderak egitera. Gainera, iaz baino jende gehiago dabil», agertu du bertako langileak. Gotzon tabernako zerbitzariak ez du iritzi bera. «Asteburuetan, beste urte batzuetan bezala dabil jendea. Astegunetan, ostera, gutxiago dabilela esango nuke», esan zuen.
Etsipen neurtua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu