ELKARRIZKETA. Arnaldo Otegi (ezker abertzalea)

"Etsipenaren antidotoa berriz sortuko da ezker abertzalearen borrokatik"

Ziklo politiko berri baten ateak irekitzeko modurik eraginkorrena D3Mren alde "ahalik eta boto gehien" biltzea izango dela ziurtatu du Arnaldo Otegik. "Herri honetan berriz ere ilusioa pizten bada, ezker abertzalearen eskutik izango da. Ezker abertzaleak badu proiektu bat, herri honetako gehiengoari komeni zaiona". Hauteskundeetatik irtengo diren argazkiak ez direla onenak izango dio, baina "mugimendu independentista indartsu bat" sortzeko osagai guztiak daudela uste du.

Pello Urzelai.
2009ko otsailaren 26a
10:03
Entzun
Egoera politikoa kontuan hartuta, harrituta dago Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea (Elgoibar, 1958) alderdien kanpainako hainbat ekitaldi bitxirekin. Igandean ezker abertzaleak bil ditzakeen botoen garrantzia nabarmendu arren, etorkizunari argi luzeekin begiratu behar zaiolakoan dago.

Ez da lehen aldia ezker abertzaleari legezko zerrendak aurkeztea eragozten diotena. Zer ikasi du esperientzia horietatik?

Gutxienez bi kontu. Oztopo guztien gainetik herriari bozkatzeko aukera bat emateko borondatea da lehena. Nahiz eta batzuek esan boz horiek ez dutela ezertarako balio, gure ustez, balio politiko handiko bozak dira. Besteak beste, iraganean halako bozek aukera eman zutelako negoziazio prozesu bat martxan jartzeko. Eta bigarrenik, ezker abertzaleak baduela oso oinarri sozial sendoa herri honetan. Halere, ezker abertzalearen bokazioa ez da legez kanpoko bozetan mantentzea. Guk esaten dugu ezker abertzaleak eskubide osoa daukala aurkezteko, eta herri honek eskubidea duela ezker abertzalearen alde bozkatzeko.

Ezberdintasunik ikusten duzu aurreko aldiekin konparatuta?

Presa handiagoarekin egin dute. Beste garaietan lasaiago egiten zuten haien estrategia. Oraingoan, kanpainaurrean bertan saiatu dira gauza guztiak eragozten, eta hori, gure ustez, bada berritasuna. Estatuaren partetik badago helburu garbi bat, eta oso mezu argia helarazi nahi diote ezker abertzaleari: zirrikitu guztiak itxi nahi dituzte, legez kanpo egonda izan daitezkeen zirrikitu guztiak ere bai. Horren gainetik, berriro frogatuko da ezker abertzalearen indarra, berriro frogatuko duen oinarri soziala. Hemen jarraitzen duela eta ezin dela bukatu.

Zure ustez, Espainiako Estatuak oraingo honetan zer bilatu du D3M eta Askatasunaren zerrendak baliogabetu dituenean? Kalkulu elektoral hutsa da edo zerbait gehiago?

Zerbait gehiago da. Azken hamar urteetan, Lizarra-Garazitik hona herri honetan baldintza politiko eta sozial berriak sortu izan dira. Egia da azken urteetan baldintza horiek, nolabait, atzera egin dutela zertxobait nazio estrategiaren ikuspuntuan, nazio eraikuntzan. Baina esan dezakegu objektiboki aldaketa ziklo politiko batean murgilduta gaudela, eta kalkulu elektorala baldin badago ere, badago beste kalkulu bat: aldaketa fase batean neutralizatu egin behar da aldaketa horri indarra, norabidea eta edukia emango dion indar politiko herritarra, eta hori ezker abertzalea da. Hemen ezker abertzalea neutralizatu egin nahi da, ezker abertzaleak bermatzen duelako benetako beste jokaleku demokratikoa eta norabide zuzen bat askapen prozesuan.

D3Mren aldeko botoen aurreikuspenik?

Ez dut kinielarik egiten. 100.000-120.000... ez dakit. Ahalik eta gehien hobe, ziklo berri baten ateak irekitzeko. Hori da egiten dudan hausnarketa. Jendeak ahaztua izango du, baina legez kanporatze estrategia hasi zenean emaitza izugarriak izan genituen udal hauteskundeetan, 2003an, eta azken negoziazio prozesua posible izan zen emaitza horiek atera genituelako. Orain emaitza onak aterata, ezker abertzalearen konfiantza maila igotzeko balioko du, eta esateko «hemen gaude eta orain ardura bat daukagu herri honekiko».

Patxi Lopezek esaten du ez direla ideiak legez kanporatzen, badaudela independentziaren alde dauden alderdiak, hauteskundeetan aurkeztu ahal direnak...

Kontrainsurgentzia eskuliburuetatik ateratzen diren mezuak dira. Defendatu, independentzia Francoren garaian ere guk defendatu egiten genuen. Ez dugu estatuaren baimenik behar gure proiektua defendatzeko, egoera batean edo bestean defendatuko dugu. Afera ez da defendatzea bai edo ez. Afera beste bat da: denok onartzen dugu aritmetika demokratiko soil bat herri honetan? Hau da, proiektu politiko guztiak egingarriak dira herriak horrela erabakita? Hori da beraiek oraingoz egin ez duten urratsa. Oso urrats sinplea da. Ni independentista naiz, euskal estatua nahi dut Euskal Herriarentzat, eta joko arau batzuk planteatzen ditut guretzat eta mundu guztiarentzat, bakean oinarritua, eta errespetuan oinarritua: mundu guztiak onartu behar du herriak erabakitzen duena. Orain defenda daiteke independentziaren aukera, baina ezin daiteke egingarri egin. Konstituzioak ukatu egiten duelako aukera hori.

Loiolan pauso hori eman zezaten saiatu zineten eta ez zuten eman?

Aspaldian esan nuen oraindik urrats bat egitea falta zaiela, beraiek oso kontzienteak direla erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida hori galdu dutela. Beraiek hori badakite. Beraiek ezin dute egin diskurtso bat Euskal Herrian esanez euskaldunok ez daukagula erabakitzeko eskubiderik. Orain zer egin nahi dute? Berezko izaera kendu. Nahastu. Urrats bat falta zaie: erabakitzeko eskubideak esan nahi du edozein gauza erabaki daitekeela, euskal estatu bat izatea barne. Gatazka gainditzeko formula hori da. Ez dira horretara ailegatu, baina badakite ailegatu behar dutela, guztiz posizio demokratikoa delako, eta badakitelako nazioartean, gero eta nabarmenago, onartu egiten dela. Zergatik euskaldunok ezin izango dugu erabaki estatu bat izan edo ez, Eskoziak hemendik urte pare batera erabakiko duen bezala? Edo Groenlandiak erabakiko duen bezala, edo Flandriak? Eztabaida hori galdua dutela badakite. Arazoa da gu ez garela gauza egoera horretara eramateko eta akordio zabal eta plural bat sinatzeko.

Gatazka aipatu duzu. Kanpaina honetan, alderdien egoitzen kontrako erasoak izaten ari dira, azkena Lazkaoko PSE-EEren egoitzan ETAk jarritako bonba. Zein da bidea mehatxurik gabeko egoera lortzeko?

Horretan guztiz beharrezkoa da negoziazio prozesu berri bat. Baina negoziazio prozesu berri hori beste egoera batean eman behar da. Lehenik eta behin, baldintza demokratikoak egon behar dute prozesu hori egiteko. Berdintasun baldintzak egon behar dute. Denek aukera berberak izan behar dute prozesu hori martxan jartzeko. Prozesu horrek prozesu demokratikoa izan behar du. Asko planteatzen da ETAren inguruko eztabaida, baina badago gauza bat aski frogatuta herri honetan: ETArekin ados egon edo ez, ETA ezin da bukatu polizialki, eta azken gertaerak hori frogatzen ari dira. Aldi berean, esan behar dugu Estatuak ez duela arazo bat ETArekin, baizik eta herri honekin. Bi konbinazio horietatik ikusten dut posible izan behar duela etorkizunean negoziazio prozesu bat martxan jartzeak.

Beste negoziazio prozesu bat egoteko ezker abertzalearen munduak aukeratu behar duela dio Espainiako Gobernuak: armak edo hautestontziak.

Guk hautestontziak etengabe hautatzen ditugu, eta ez digute uzten egoten. Beraiek badute estrategia garbi bat, badakite ETA ezin dela bukatu termino polizialetan, badakite azkenean akordioak termino politikoetan izan behar duela, eta orain ezker abertzalea neutralizatu nahi horretan ari dira. Guk argi eta garbi esaten dugu: bai noski, hautestontziak hautatu behar dira. Trenaren inguruan ere bai, herriari hitza emateko etengabe, noski, gu horren aldekoak gara.

EAJk, 2001ean bezala, PSE-EE eta PPren arteko itunaren beldurra astintzen ari da. Mezu horrek baldintzatuko du ezker abertzalearen jokabidea?

Azken egunotan Joseba Egibar esaten ari da ezker abertzaleari berdin zaiola Patxi Lopez edo Ibarretxe izatea lehendakari. Hori oso kuriosoa da, zeren Ibarretxe bi aldiz izan da lehendakaria gure bozekin. Bere plana gure bozekin atera zen, eta, beraz, oso kuriosoa da halako zerbait ateratzea. Zer ezkutatzen dute horren atzean? Aurtengo aurrekontuak PSE-EErekin atera dituztela, eta azken legegintzaldian 46 legeetatik 32 bien artean atera dituztela. Ezkutatzen ari dira azpitik badagoela itun bat -agian ez sinatua- berriro errepikatzeko EAJ eta PSOEren arteko gobernua. Guk ez dugu baldintzatuko gure estrategia gauza bategatik edo besteagatik.

EAJ eta alderdi sozialista itun berri bat bilatzen ari direla diozu. Zertan oinarritzen da itun hori?

Alderdi sozialistak badaki galduta daukala erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida Euskal Herrian, eta orain nahasketa prozesu batean sartu nahi du hori. Gure ustez, Urkulluren Kontzertu Politikoa edo erabakitzeko eskubidearen erregulazioa edo hori kontsulta lege batekin nahastea joko berean sartzen da. Hori jakinik, planteamendu berri bat egin behar da. Oso argi daukagu EAJren zuzendaritzak egin nahi duela itun berri bat alderdi sozialistarekin bere interesak defendatzeko.

Estatuak neurria hartu die Euskal Herriari, EAJri, ezker abertzaleari eta ETAri, Joseba Egibarrek esaten duen bezala?

Estatuak Lizarratik hona berregokitu egin du bere estrategia, eta horrek fruitu batzuk eman dizkio. Ikusi behar da abertzaleen artean eta independentziaren aldeko inguruetan ilusioa nola jaitsi den, nola hedatzen ari den etsipen sentzazioa. Neurria hartu digu? Agian gauza batzuetan bai. Egia da EAJri neurria hartzea oso erraza dela. Abertzaletasunak, edo independentismoak edo, gehiago esango nuke, ezker abertzaleak, baditu baliabide nahiko, militanteak, intelektualak eta abar, diagnostikoa egiteko eta aukera zabaltzeko Estatuari aurre egiteko. Konfiantza osoa daukat herri honek hartuko diola neurria Estatuari eta erabakiko duela Estatuari zein eremutan irabazten zaion eta nola egiten den hori.

Ezker abertzaleak badu antidotorik aipatu duzuen etsipen horren kontra?

Bai. Konbentzituta nago baietz. Nire inpresioa da. Ezker abertzaleak gauza asko egin ditu ondo herri honetan, eta gauza asko egin ditugu oso gaizki. Baina herri honetan ilusioa piztu den guztietan, ilusio momentu guztiak ezker abertzalearen eskutik etorri dira, eta ni konbentzituta nago berriz ere herri honetan ilusioa pizten bada, ezker abertzalearen eskutik piztuko dela, funtsean, ezker abertzalearen eskutik. Horrek konfiantza izugarria ematen dit. Ezker abertzaleak badu proiektu politiko bat herri honen gehiengoari komeni zaiona. Eta guk baditugu aukera nahiko herri hau konbentzitzeko benetan gure bidea dela eraginkorrena eta onena gure herriarentzat. Beraz, guk ez dugu ilusioa galdu, guk borrokan ere ilusioa mantentzen dugu, baditugu zailtasun ikaragarriak baina badaukagu antidotoa. Gure laborategietan beti antidotoak prestatzen jaioak izan gara. Eta antidoto hori berriz sortuko da ezker abertzalearen borroka eremutik.

Hauteskundeen ondoren, kontuan hartuta alderdi txikiek emaitza txikiak lor ditzaketela eta ezker abertzalea ez dela Eusko Legebiltzarrean izango, egoera ez da egongo zailago edo ilunago?

Emaitzek lehen argazki bat emango dute. Argazki horretan ezker abertzalearen osagaia ere egongo da. Gure bozak ere egongo dira. Baina argazki horiek dinamikoak dira. Ez dut uste aterako diren argazkiak hoberenak izango direnik mugimendu independentistarentzat, besteak beste, hauteskunde antidemokratikoak izango direlako, baina guk jarraitzen dugu pentsatzen badaudela osagai guztiak mugimendu independentista indartsua osatzeko. Hauteskundeak oso garrantzitsuak dira, baina guk nolabait eramaten dugun autoan argi luzeak jarriak ditugu. Argi motzekin, oztopo ikaragarriak eta baldintza kaskarrak daude. Baina gai bagara argi luzeak jartzeko, herri honek zantzu nahikorik ematen du jakiteko badagoela bide luze bat egiteko eta egingo dugula.

Martxoaren 1eko argazkitik haratago begiratu beharra dago?

Bai. Ez dakit zer gertatuko den, baina nire inpresioa da, martxoaren 2an, faltsua den argazki bat salduko dela. Parlamentu antidemokratiko bat salduko da Euskal Herriaren errealitate moduan hiru herrialdeetan. Horretarako utzi gaituzte kanpoan. Edozein izanda emaitza, guk konfiantza osoa daukagu herri honen gehiengoak beste parametro politiko batzuetan bizi nahi duela. Gai izan behar dugu ongi neurtzeko martxoaren 1ean gertatzen dena, baina argi luzeekin neurtzen hortik nola ateratzen den eta herri honek nola egiten duen ibilbide hori.

Aurten Aberri Egun diferente bat aurreikusten duzu?

Izan beharko luke diferentea. Ez berriro planteatzen dugulako fronte politika bat. Diferentea honako zentzu honetan: baldintzak direnak izanda, argi luze horiek jartzen ditugulako independentziaraino. Bide bat hasten gara marrazten. Bide hori dosi homeopatikoetan egin behar dugu. Ezin dugu untxiak atera kapelatik eta gauzak egin presarekin. Irabazteko apustua egin behar da. Irabazteko apustua egiteko, gauzak ongi neurtu behar dira. Urratsak ulergarriak egin behar dira. Kideek ulertu egin behar dituzte. Herriak ulertu behar du. Nahiago dut polikiago joan, baina sendoago joan. Uste dut aukera izango dugula hori egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.