Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak esan duenez, "aurrekontu hauek aurrera ez ateratzeko lan" egingo du sindikatuak. Bea Martxueta eta Rafa Izquierdo LABeko ordezkariekin batera egin du Etxaidek agerraldia, Donostian.
Etxaidek Urkullu lehendakariari leporatu dio aurrekontu proiektua aurkeztu duela "errealitatea bere egiteko" premisarekin, errealitate hori "aldatzeko ezer egin gabe". "Politika hauek suizidio politiko eta ekonomikoa dira", esan du Etxaidek. Krisia aurrera joatearen "aliatu nagusi" bihurtzea egotzi dio Jaurlaritzari, uste baitu bere estrategiaren bitartez "elite ekonomikoari mesede" egiten diola. Etxaideren ustetan, EAJk "botere ekonomikoaren eskari guztiak" betetzen ditu.
Horren aurrean, LABek iragarri du pasa den larunbatean Bilbon egindako manifestazioa bezalako ekintzak antolatuko dituztela. Ahalegin horretan, "murrizketak" jasaten ari diren sektoreekin lanean arituko direla adierazi du, kulturaren eta euskararen arloan, esaterako.
Oraindik ez dute prest mobilizazioetarako egutegi bat, baina udaberrirako hainbat deialdi egingo dituztela iragarri dute. Erantzuna "ahalik eta sendoena" izatea nahi du LABek.