Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak "ezker abertzaleak gehiengo sindikala amortizatutzat" eman duela adierazi izanak Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiarentzat esan nahi du hark bi sindikatuen arteko lankidetza "itxitzat" eman duela, gaur Infozazpi irratian azaldu duenez.
"Esparru instituzionalean eragile berri bat dago: Bildu. Eta Kutxabank, fiskalitatea, aurrekontuak... bezalako erabakiak hartu ditu. [Sindikatuok] Hitzartu genuen dekalogoarekin ezinezkoa da alderdi hura besteak bezala interpelatzea. Bildu erakundeetan dagoenetik, ezker abertzaleak gehiengo sindikala amortizatutzat eman du", esan zuen atzo Muñozek 'Gara'-ri emandako elkarrizketan, eta iritzi dio "akordio politiko eta sindikal nazionala lortzea irreala" dela gaur.
Etxaidek aitortu du uneotan ELArekin ez dituztela harremanik onenak, baina gaineratu horrek ez du duela zerikusirik Bildu erakundeetan egotearekin —kasu, Gipuzkoako foru gobernuan dago—. Ondorioz, haren arabera, "arduragabekeria" da bi sindikatuen arteko hartu-emana Bildurekin lotzea. "Hemen gertatu dena da ELAren eta LABen artean eztabaida sakonik ez dela izan herri honetan ireki den egoerari buruz. Muñozena azterketa eskasegia eta erabat partziala da", esan du Etxaidek Infozazpi irratian.