Europako Laborantza Politika Bateratua (PAC) 2014-2020 berriz moldatzen ari direla, adostuko duten politika bestelakoa izan dadin aldarrikatzeko The Good Food March ibilaldia abiatua dute. Lau gune desberdinetatik partituak dira oinez, bizikletez edota traktorez irailaren 19an Bruselara heltzeko.
Martxa horren abiaguneetako bat Bidarrai izan zen (Nafarroa Beherea) atzo. Goizean hainbat eragile elkartu ziren herriko plazan. Bertan, beren aldarrikapenen ardatz nagusiena etxalde ttipiak zaintzeko beharra izan zen. Herria bizi dadin, ainitz izan gaiten, hitzartzeen aitzinean jarri banderolak zioen bezala.
«Etxalde ttipiek izan dezaten laguntza berezi bat heldu den Europako politika horretan», zehaztu zuen ELB sindikatuko kide Mikel Hiribarrenek. Europa mailan etxalde ttipien arazoa aipatzen hasi zirela azaldu zuen Hiribarrenek, baina, azkenean, hortik atera den proposamena ez dela egokia. Hau da, etxalde bakoitz 500 eta 1000 euro artean urtean: «Hori, guretzat, deus ez da. Guk eskatzen dugu 5.000 euro langile bakoitz etxalde txikietan, eta bigarren langilearentzat 2.500».
Beste ezadostasun handia, politika bateratua abian jarri zutenetik aplikatzen dutena, eremuaren arabera kalkulatzen diren laguntzekin dute: «Hektarearen arabera lagunduko dute, anitz duenari anitz emanen zaio. Eta gauza hori bera gertatzen da hazkuntzan. Kabala nunbrearen arabera emanen dira laguntzak», Hiribarrenen hitzetan. Hala ere, aldaketa ttipi bat aipatua izan da. Lehen hektareak gehiago lagunduko dira besteak baino: «Frantziako Gobernuak proposatzen du 50 hektaretaraino gehiago lagunduak izatea; guk nahiko genuke 25 hektarea arte anitz lagunduak izatea, eta hortik gora, gero eta laguntza gutxiago jasotzea».
Laborantza, guztien kontua
Martxa horren helburuetako bat erabakitzaileengana joatea bada, beste xedea gizarteari berari ere laborantza kontuetan interesa piztea da: «Bruselan bada funtzionario eta politikari anitz, baina bada ere lobista anitz. Beraz, gu bezalako elkarteentzat biziki zaila da adieraztea gure boza. Horretarako baitezpadakoa da kontsumitzaileekin elkartzea. Kontsumitzaileak baitira ekoizpenen baliatzaile eta PACaren pagatzaile ere». Atzo bertan Bidarrainen ziren kontsumitzaile eta oro har gizarte zibileko ordezkari, ATTAC, CADE, Bizi edota AMAPeko kideak. Tokian tokiko laborantzaren garapena eta espekulazioen aurka mintzatu ziren, besteak beste.
Ideia berak dituzten pertsona guztiak elkartzeko beharra nabarmendu zuen baita ere Xabier Arriaga Txipas Euskal Herri osoko laborariak elkartzen dituen Etxalde mugimenduko ordezkariak: «Gizartea esnatu nahi dugu, herritarrak konbentzituz nekazaritza ez dela bakarrik nekazarien arazo bat. Nekazaritza elikadura den neurrian gizarte osoaren erantzukizuna da». Gaur, martxa Pauen azalduko da eta bihar Gersera doa.
Etxalde txikien garrantzia aldarrikatuz abiatu dute The Good Food March
Bidarraitik abiatu da Europako Laborantza Politika Bateratu berri bat eskatzeko Bruselara doan martxa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu