Nafarroako Gobernuak eta Etxarri Aranazko Udalak adostu dutenez, gaurtik aurrera libreki mugitu ahal izango dute bertako herritarrek. Gobernuak azaldu duenez, kutsatze eta positibotasun tasek beherakada nabarmena izan dute konfinamendu perimetrala hasi zenetik, baina, hala ere, kasu positiboen jarraipena «oso altua» dela nabarmendu du. Apirilaren 15etik itxita egon da herria, eta orain 2.295eko inzidentzia tasarekin zabaldu dute. Lakuntza, berriz, maiatzaren 1ean itxi zuten, eta oraindik ere zenbaki altuak dauzka herriak: 5.082ko intzidentzia tasa dauka.
Aste honen hasieran, foru gobernuak Etxarri Aranatzen eta Lakuntzan itxiera perimetralari eusteko eskaera egin zuen, Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren babesarekin. Gobernuak herri horietako ostalaritza mugatzeko ere proposatu zuen, baina epaileek atzera bota zuten neurria. Orain, ordea, itxiera bertan behera uztea adostu dute udalekin, eta, beraz, Hegoaldean ez litzateke itxiera neurria duen udalerririk geratuko.
Gainerako herriak, zabalik
Nafarroan, beste hainbat herriri ere konfinamendu perimetrala ezarri zitzaien martxoaren amaieraz geroztik, baina gerora, zabaldu egin ziren denak, Etxarri Aranatz eta Lakuntza izan ezik. Besteak beste, Milagro martxoaren 26an itxi zuten, Arguedas apirilaren 6an, eta Cadreita apirilaren 9an. Arbizu, Lodosa, Funes eta Alesbes ere itxita mantendu dira alarma egoera bukatu den arte.