Sutea

Etxe batek su hartu du Donostian, eta hiru bizilagun zauritu dira kea arnastuta

2008ko otsailaren 21a
13:50
Entzun
Sei pisutako etxe batek su hartu du gaur goizean Donostiako Sagues auzoan, eta, ondorioz, hiru bizilagun -hiru emakumezko- zauritu dira.

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agertu duenez, 08:10 aldera telebista batek su hartu du Zemoria kaleko 3. atariko behe solairuko etxebizitza batean, eta handik eraikin osora hasi dira garrak zabaltzen. Hori dela eta, behealdeko pisuetako bizilagunak aterarazi dituzte suhiltzaileek eta udaltzainek, eta goiko pisuetakoei berene etxeetatik atera gabe egoteko agindu diete kerik arnas ez zezaten.

Hala ere, hiru bizilagun, hiru emakumezko, zauritu egin dira kea arnastuta.72 urteko I.L.B. dago okerren: kea arnasteaz gain, ilea erre zaio. Donostia Ospitalera eraman dute. Halaber, erietxe berera eraman dute 64 urteko M.T.C.I. Beste emakume bat ere artatu behar izan dute, baina nahikoa izan du Gros auzoko anbulategian jaso duen tratamenduarekin.

Sutea piztu den etxebizitzan eragin dituzte garrek kalterik handienak, sala eta ondoko beste gela bat kiskali baitira. Etxe guztia eta patioaren zati bat kearekin belztuta geratu dira. Hala ere, eraikinaren egitura ez duela kaltetu ziurtatu dute suhiltzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.