Atzo iluntzean Ordizian (Gipuzkoa) etxe baten aldameneko lurrak eusten zituen horma behera etorri zen, eta, ondorioz, bizilagunek etxetik kanpo iragan behar izan dute gaua. Ezbeharraren ondorioz, gas isurketa bat izan zen. Hasiera batean hildakoren bat izan zitekeela uste bazen ere, Igor Eguren alkateak jakinarazi du ez dela horrelakorik.
Arratsaldean jabetu ziren bizilagunak pitzadurak agertzen hasi zirela etxeko paretan. Udaltzaingoak ingurua hesitu zuen, eta, Egurenek Euskadi Irratian jakinarazi zuenez, bost-hamar minutura etorri zen behera lurra eusten zuen horma.
Etxeko paretara arte iritsi zen luizia, baina, Egurenek jakinarazi duenez, badirudi etxea arroka gainean dagoela eraikita, eta ez dirudi arriskuan dagoenik. Ertzaintzaren erreskate taldea han izan da luiziak inor harrapatu ote duen jakiteko, baina ez dute inor aurkitu, eta Egurenek esan du herrian ere ez dutela sumatu inoren falta.