Etxe hutsa, zama latza

Etxea lortzeko arazo larriak daudenez, administrazio publikoei etxebizitza hutsak merkaturatzeko neurriak eskatzen ari zaizkie, etxebizitzaren funtzio soziala babesteko

2007ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Zer da etxe hutsa? Abandonatuta dagoen etxea izan daiteke, udaldian edo oporraldietan soilik erabiltzen dena, noizean behin alokatzen den pisua, seme-alabentzat «gordeta» dagoen etxea, edo etorkizunera begira eginiko inbertsioa. Aldagaiak, beraz, norbanakoak bezain ugariak dira.

Horregatik, besteak beste, Euskal Herrian dagoen etxebizitza hutsen benetako kopurua jakitea oso zaila suertatzen da. Gainera, inkestek ez dute batere laguntzen, eta egungo banaketa administratiboak etxe hutsen multzoa ezagutzeko arazoak biderkatzen ditu. Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren egoeraren diagnosia egiten duten erakunde ugari daude, eta bakoitzak eremu eta neurgailu diferenteak erabiltzen ditu etxebizitza hutsen inguruko azterketak egiteko orduan, eta urtetik urtera aldatzen joan dira.

Orain arte, Euskal Herria bere osotasunean hartuta egin den etxebizitzen estatistika bakarra Udalbiltzak argitaratu zuen, 2002. urtean, Euskal Herria datuen talaiatik izenburupeko liburuan. Ikerketa horretan 1996 eta1999 urteetan jasotako datuak bildu zituen, eta honako hau ondorioztatu zuen: Euskal Herriko bost etxebizitzatatik bat hutsik dago.

Zehaztasunik gabeko eremu honetan,baina, Euskal Herriko administrazio publikoek etxe hutsak arautzeko eta definitzeko hainbat neurri ezarri behar izan dituzte. Etxebizitza lortzeko arazo larriak medio, etxe horiek merkaturatzea aukera ona izan liteke eskariari erantzuteko.

Euskal Autonomia Erkidegoan, esate baterako, otsailean aurkeztuko du Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Etxebizitzaren Legea, eta horretan etxe hutsaren behin betiko definizioa proposatzen du, aurrerantzean horien gainean neurriak hartu ahal izateko.

Ipar Euskal Herrian, berriz, formula erabakita dute aspalditik. Hala, etxebizitza hutsa dagoela esateko bi datu gurutzatzen dituzte, taxe fonciere delakoa, Hego Euskal Herrian Ondasun Higiezin Zergarekin pareka daitekeena, etataxe d'habitation, etxea okupatzen duen orok, jabeak ala maizterrak, ordaindu behar duen zerga. Lehenbiziko zerga ordaintzen denean baina bigarrena ordaintzen ez denean, etxe hori hutsik dagoela atzematen da.

Bigarren bizilekua bada edo etxean zaharberritze obra handiak egin behar baldin badira, jabeak ez du tasa berezia ordaindu behar. Bestela bai, etxebizitza hutsa duen jabeak mailakako portzentajea ordaintzen du: etxea hutsik dagoen hirugarren urtean alokairuaren balioaren %10, laugarren urtean %12,5eta bosgarren urtetik aurrera %15.

Haatik, helburu zigortzailea baino, pedagogikoa du etxe hutsen tasak, soilik etxebizitza arazoak dituzten tokietan ezartzen baita, eta baldintza jakin batzuen arabera. Gainera, maila handi batean herriko etxeen esku dago tasa ezartzea.

Hego Euskal Herriko administrazio publikoek, ordea, halako neurri hertsiak ezartzeari uko egin diote orain arte, nahiz eta eragile ugarik halakoak eta gogorragoak ere aldarrikatu, etxebizitzaren arazo larriari aurre egiteko. Haien irudiko, etxebizitzak duen funtzio soziala larriki urratzen du etxebizitzak hutsik gordetzeak, eta horien jabeei zerga bereziak ezartzeko edota etxea desjabetzeko galdegin dute hainbat sindikatuk, gizarte eragilek, eta alderdi politikok.



LEGEBILTZARRAREN PROPOSAMENA. Ildo horretan, azken asteotan zeresan franko eman du Eusko Legebiltzarrean PSE-EEk, EAk, EABk, EB-Berdeek eta Aralarrek adostutako proposamenak. Horretan, besteak beste, etxebizitza hutsak dituzten herritarrak Ondasun Higiezin Zergan errekargua ordaintzeko neurriak bultzatzea onartu zuten. Helburua etxe horiek merkaturatzea, eta aldi berean, horien inguruan egon daitezkeen espekulazio asmoak trabatzea da.

EAEko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) Madrazoren Etxebizitza Planari buruz eginiko txostenarekin bat egiten zuen proposamenak. Izan ere, KESen arabera, etxeak pilatzeko eta inbertsio gisa erabiltzeko asmoak gelditzeko ezinbestean neurriak hartu behar dira. «Etekin gutxiago eman ditzaketen beste inbertsioen aurrean, etxebizitza babeslekua bilakatu da, eta horrek eragin du egun dugun etxebizitza hutsen multzo handia». Hortaz, etxe hutsen gainean errekargu fiskala ezartzeko Zerga Koordinaziorako Erakundean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin ados jartzeko eskatu zion KESek Eusko Jaurlaritzari.

Haatik, KESek egin txostenak eta Eusko Legebiltzarrak onartutako proposamenak etorkizun beltza dute. EAJk eta PPk etxebizitza hutsak dituzten jabeak zigortzearen kontra bozkatu zuten Eusko Legebiltzarrean, eta bi alderdi horien esku daude hiru herrialdeetako foru aldundiak, hain zuzen, zergan errekarguak ezarri beharko lituzketenak.



KONTRA DAUDE FORU ALDUNDIAK. Foru diputatuek argi hitz egin dute proposamenaren harira, eta ondorio praktikoak ez dituela izango azaldu zuen Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok, zerga handitzea ez baitago Eusko Legebiltzarraren esku, eta foru aldundiek ez dutelako Ondasun Higiezinen Zergan errekargua onartzeko asmoa. Foru aldundiek aspaldi adierazi zuten etxe hutsak definitzeko arazo larriak daudela, eta hori aitzakiatzat hartu dute neurria albo batera uzteko.

Gainera, foru aldundien eskumenak urratu nahi izatea leporatu zien Bilbaok proposamena onartu zuten legebiltzarkide taldeei. «Stalinek ezarritako jarduerak baino zentralistagoak dira», salatu zuen Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Bestetik, Eusko Legebiltzarrean bozkatutakoaren kontra egingo du PSE-EEk foru aldundietan, eta zerga igotzeari muzin egingo dio, Errentaren Gaineko Zergaren erreformaren eztabaidan EAJrekin bat egitea adostu baitzuen.

Beste alde batetik, Elkartzenek ere etxebizitza hutsen jabeei ezarri nahi zaizkien zerga igoeraren inguruan balorazioa egin du. Taldeko kide Igor Uriarteren hitzetan,Ondasun Higiezinen Zerga igotzea neurri egokia izan daiteke etxebizitzaren arazoa konpontzeko, baina bere esanetan, neurri horiek benetakoak izan behar dira, ezin dira soilik hauteskundeei begira eginiko adierazpenak izan. «Betearazi behar diren neurriak hartu behar dira arazoari aurre egiteko».

Halaber, bestelako neurriak aldarrikatu zituen Elkartzenek, alokairuen salneurriak mugatzea, eta bigarren bizitokiei luxuzko zerga bat ezartzea, besteak beste. Gainera, hutsik dauden etxebizitzak desjabetzeko formulak aztertu beharra dagoela adierazi zuen.



«Ondasun Higiezin Zergan errekargua onartzea ez dago Eusko Legebiltzarraren esku»

jose luis bilbao
BIZKAIKO AHALDUN NAGUSIA
«Etxebizitzak pilatzeko eta inbertsio gisa erabiltzeko asmoak gelditzeko neurriak hartu behar dira»

eae-ko kontseilu ekonomiko eta soziala


«Neurriek benetakoak izan behar dute, ezin dira hauteskundeei begirako adierazpenak izan»

iGOR URIARTE
Elkartzen taldeko kidea


 

Ondasun Higiezinen Zerga arazo bilakatu da familia askorentzat



Hego Euskal Herrian, hipotekaz gainera, urtero, Ondasun Higiezinen Zerga ordaindu behar dute etxebizitza dutenek. Adituen iritziz, zerga hori familia askorentzat zama larria bilakatu da egungo egoeran. Are gehiago, kontuan hartzen badugu zergaren zenbatekoa ez dela hiritarren soldataren arabera ezartzen, eta ondorioz, berdin ordaintzen duela hilean 1.000 euro kobratzen duenak edo 4.000 irabazten duenak. Zerga zuzena da, eta bi parametroen arabera kalkulatzen da: etxebizitzaren katastro balioa, normalean merkatuaren balioaren erdia , eta udalek zehazten duten zerga tipoa. Consumer aldizkariak iragan urrian argitaratu zuen azterketa baten arabera, 100 metro koadroko etxebizitza baten truke donostiarrek 325 euro ordaintzen dituzte, gasteiztarrek 294, bilbotarrek 260 inguru, eta iruindarrek 200 euro baino gutxiago. Hala, Donostian eta Gasteizen, Espainiako eta Kataluniako zergarik altuenak dituztela ohartarazi zuen aldizkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.