Etxebizitza

Etxe hutsak zigortzeko proposamena onartu du Nafarroak, hirugarrengoan

Parlamentuak, goizean bi bozketa eginda, ez du testua onartu. 50 parlamentarietatik, hamabost bilera gelatik kanpo ziren bozketaren unean. Arratsaldean, hirugarren bozketa eginda onartu dute.

Parlamentua, bozketa amaitu berri. I. URIZ, ARP
2013ko urriaren 24a
19:18
Entzun

Azkenean onartu dute etxebizitza hutsei zerga tasa igotzeko proposamena. Hirugarren bozketan. Nafarroako Parlamentuak goizean bi bozketa egin ditu, eta ez du aurrera egin testuak, 50 parlamentarietatik hamabost bilera gelatik kanpoan zirelako.

Arratsaldean hirugarren bozketa egin dute, eta orduan bai, parlamentari guztiak bildu dira. PSN, Bildu, Aralar-NaBai, Ezkerra eta Geroa Baiko ordezkariek botoak elkartu dituzte, eta testua onartzeko beharrezko zuten gehiengo absolutua eskuratu dute.

Etxe hutsen erregistroan agertzen diren bizitzak 0,10 eta 1,5 arteko tasa batekin zigortuko dituzte. Etxe hutsak merkatura atera eta saltzea eragin nahi du proposamenak. Nafarroan 34.000 etxe hutsik daudela ohartarazi du Txema Mauleon Ezkerrako parlamentariak.

Izatez, PP ez oposizioko gainerako alderdi guztiak bat eginda zeuden aurretik. Testua adostua zuten. Baina bozketa egiteko momentuan, goizean, parlamentuko bilera gelatik kanpoan ziren parlamentarietako asko, eta etxebizitza hutsei zergak garestitzeko proposamenak ez du aurrera egin aurreneko momentuan. Aldeko hemezortzi boto, eta aurkako hamabost jaso ditu proposamenak lehen bozketan.

Bozketa errepikatzeko eskatu du Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko parlamentariak. UPNk eta PPk ez dituzte baliatu hitza hartzeko beren txandak, eta bozketa uste baino bizkorrago suertatu da. Parlamentuaren bilera gelatik kanpo zeuden parlamentari asko une horretan.

Bigarren bozketa egin dute: hogei boto alde, hamabost kontra. 50 parlamentari ditu Nafarroak; hamabost falta ziren, beraz, bigarren bozketan. Proposamenak, bigarrengoz ere, gehiengo absoluturik lortu ez duenez, bertan behera gelditu da.

Arratsaldeko saioan, oposizioko alderdiek berriz eskatu dute bozketa errepikatzeko. Parlamentuko araudian oinarritu dira: gehiengo absolutuz onartu beharreko lege proposamenak bozkatzeko unean, ganberako presidenteak bozketa hasi aurretik abisua emanb ehar du, eta ez du eman. Argudioa onarturik, berriz bozkatu, eta parlamentuak gehiengo absolutuz onartu du etxe hutsak zigortzeko lege proposamena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.