Turistifikazioa

Etxe turistikoen ondorioz Zazpikaleetako auzokideak alde egiten ari direla salatu dute

Bilboko SOS Alde Zaharra elkarteak ohartarazi du etxe turistiko ugari legez kanpokoak direla. Auzoa uztea erabaki duten bi bizilagunek adierazi dute bizikidetza 'zaila' dela.

SOS Alde Zaharra turistifikaioa salatzeko egindako prentsaurrekoa, Adaxka kultur gunean. MARISOL RAMIREZ
2020ko otsailaren 26a
14:11
Entzun

Bilbon, alokairuaren prezioen igoera eta Zazpikaleetako auzokideentzat geratzen diren etxebizitza aukera murritzak turistifikazioaren eragin zuzena direla salatu du SOS Alde Zaharra elkarteak. «Auzoan bizi, lan, jolastu edo lo egiteko aukera luxu bat» bihurtu nahi dituztela nabarmendu du Iñigo Santxo elkarteko bozeramaileak, gaur goizean egindako agerraldian. Etxe eta logela turistiko asko legez kanpokoak direla salatzeko, «auzotik alde egin behar» izan duten bi bizilagunen testigantzak bildu dituzte.

Hitz egiten lehenengoa Eider Palmou izan da. Aurten bere etxebizitza saltzea erabaki du; 2004. urtean heldu zen Zazpikaleetara eta «behartu dutelako» doala adierazi du: «Auzokideok ikusten ari gara gure bizi kalitatea galtzen ari garela; gutxi batzuen negozioa gure bizi kalitatean eta eskubideetan eragina izaten ari da». Bizi den eraikinean legez kanpoko etxe turistiko bat dagoela ere salatu du. Etxe hori eraikinaren bigarren solairuan dagoelako da legez kanpokoa, azaldu duenez, Bilboko etxebizitza turistikoen araudiak baitio turismora bideratutako etxebizitzak lehenengo solairuan egon behar direla. Duela bi urte hasi ziren etxe horretan turistak bueltaka, eta ordutik aurrera eragozpen ugari bizi izan ditu: asteburuero jende berria, pertsona ezezagunen mugimendu asko, jaiak eskaileretan eta etengabeko iskanbilak, besteak beste.

Gertakari horiek ikusirik, salaketa jarri zuen Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailean eta Bilboko Udaleko Hirigintza Sailean, 2018ko uztailean. Orain arte ez du erantzunik jaso, eta haserre agertu da udalak izan duen jarrerarekin: «Zergak ordaintzen ditut, arauak bete behar ditut, baina erakundeek niri erantzuteko beharrik ez dute, antza».

Dekorazio soila

Bihotzak auzo elkarteko lehendakari Javier Rodriguezek ere bere bizipenen berri eman du. Etxebizitza saldu berri du gaur, eta «pena handiz» auzoa utziko du. «Zazpikaleetako auzokideok galtzeko zorian gaude. Turistifikazioa duela urte batzuk hasi zen, eta azken jokaldia etxe turistikoak izan dira». Besteak beste, Erriberako merkatua eta Eurokopan Zazpikaleetan egin nahi duten fanzone-a aipatu ditu. Rodriguezen esanetan, Jaurlaritzaren Turismo Sailak «arduragabekeria» handiz jokatu du: «Udalari eskatu zion lehenengo solairuetako etxeak husteko». Palmouren antzera, hainbat albo kalte jasan izan ditu azken urteetan, eta horregatik saldu berri du etxea. «Bizikidetza oso zaila bihurtu da», azaldu du, atsekabetuta. Auzokide batzuk oraindik ezagutzen dituela adierazi du, baina bere adineko gehienek auzoa uzteko nahia agertu izan diote.

Bien bizipenak eta hainbat auzokideenak berdinak direla azaldu du SOS Alde Zaharra elkarteak; horregatik udalari eskatu dio araudia betetzeko eta turismora bideratutako jarduerak eteteko. Prentsaurrekoa amaitzeko, Rodriguezek honela esan du: «Udalak hau baimentzen segitzen badu, Zazpikaleak dekorazio soil bihurtuko dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.