Herritar guztiek etxebizitza duin bat izateko eskubidea dutela aldarrikatzeko atera dira gaur kalera ehunka donostiar. Etxeak bizitzeko, ez negoziorako! lemapean, «larrialdi» gisara definitzen duten arazoari aurre egiteko bestelako etxebizitza politika bat eskatu dute, hiriko hamabost eragilek deituriko manifestazioan.
Gros, Erdialdea eta Parte Zaharra zeharkatuta, protesta udaletxe pareraino eraman dute, eta, hor, Donostiako herritarren etxebizitza eskubideak urratzen dituzten arazoak zerrendatu dituzte: «Etxeak bizitzeko direla aldarrikatzeko elkartu gara gaur hemen, nazkatuta gaudelako herritarren oinarrizko eskubide batekin negozioa egitea babesten duten politikekin».
Agerraldi horretan gogoratu dute azken urteetan etxebizitzaren prezioak eta bereziki alokairuarenak «gora eta gora» egin dutela hirian, eta egungo egoera datuekin islatu dute: Donostian, 90 metro koadroko pisu batek 460.000 euro balio du batez beste, eta alokairuan, berriz, tamaina bereko etxebizitzak hilero 1.323 euroko prezioa dauka.
Halako baldintzek herritarren bizitzan duten eragina nabarmenduz, dagoeneko «belaunaldi oso batek bere burua hiritik joatera behartua ikusi duela» azpimarratu dute, gazte donostiarrei erreferentzia eginez. Eta, galera horrekin batera, auzoek pixkanaka beren bizilagunen arteko sareak, harremanak eta nortasuna «desegiten» dituztela ohartarazi dute.
Halaber, etxebizitzaren arazoarekin loturiko errealitate gordinena kalean bizi dena izanik, Donostian etxerik gabeko ehunka pertsona daudela ere salatu dute, eta instituzioei beren ardura ez betetzea leporatu diete: «Erakunde publikoetatik ez da nahikoa egiten egoera tamalgarri eta lotsagarri honi behar bezalako erantzuna emateko. Ez dugu onartzen aberatsez harrotzen den eta miseriari ez ikusiarena egiten dion eredua».
Azken urteetan hiriko hainbat eraikinen jabetzarekin egin diren funts putreen aurka ere agertu dira manifestazioan, Blackstone, Sareb eta Azoraren kontrako oihu ugarirekin. Hain zuzen, protestak Azorakk Groseko Galtzada Nagusian erositako eraikina igaro duenean, Saretxe taldeko hainbat ekintzailek «auzodefentsa» aldarrikatzen zuen pankarta bat eskegi dute bere terraza batetik, manifestarien txaloen artean.
Era berean, «Donostia orekatua eta bizigarria» eraikitzeko bidean, desazkunde turistiko bat garatzeko beharra ere aipatu dute, turismo ereduaren eta «etxebizitza larrialdiaren» arteko lotura azpimarratuz: «Turistifikazioak hotel eta pisu turistiko bihurtu ditu bizitzeko behar ditugun etxeak».
«Herritar aktibazioaren» bila
Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa hainbat arlotan jarduten duten hiriko hamabost eragilek deitu dute, atzokoaren bitartez «herritar aktibazio bat» sortzeko itxaropenarekin: «Antola gaitezen gure bizitzak gure eskuetan hartzeko eta hiria saldu eta erosi nahi dutenak geldiarazteko».
Izan ere, jokoan dagoena arazo indibidualetatik harago doan zerbait dela ohartarazi dute, eta arazoa «gizarte osoarena» dela gogoratu: «Hiriaren elitizazioa, gazteriaren kanporatzea, espekulatzaileen botere pilaketa eta auzo komunitateen desegitea gertatzen ari da [...]. Jokoan dagoena gure bizitzak eta gure ingurukoenak baldintzatuko dituen hiri eredua da».