Etxean da Asel Luzarraga idazlea, Txiletik bueltan

Lasai egon nahi duela esan du, baina aurki mintzatuko dela Txileko justiziarekin izandako prozesuaz

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Etxean, atseden hartzeko gogoz. Euskal Herrira itzuli da Asel Luzarraga idazle, itzultzaile eta musikaria (Bilbo, 1971), Txilen epaitua izan ostean. Herenegundik bere etxean dago, Mundakan (Bizkaia), Askel kolektiboak jakinarazi duenez. Oraingoz ez du adierazpenik egin nahi izan, baina taldeak adierazi du ondo dagoela: «Pozik dago gure artean delako. Egun gutxiren buruan jakin gura duguna azalduko digu».

Azken hilabeteotan gertatutakoaren ostean, lasai egon nahi du idazleak, eta erabakia errespetatzeko eskatu du taldeak. Izan ere, urte gogorra izan du Luzarragak. Txileko Padre de las Casas herrian bizitzen hilabeteak zeramatzala, iazko abenduaren 31n atxilotu zuten, egun hartan La Araucania eskualdeko Justizia Auzitegiaren aurka izandako atentatu saio batekin eta beste hiru erasorekin lotura izatea egotzita. Erasoak gertatutako egun batzuetan Luzarraga Euskal Herrian zegoela frogatu zenean, akusazioa arindu eta Txileko Arma eta Lehergailuen Kontrolari Buruzko Legea urratzea leporatu zioten, haren etxean ustez lehergailuak egiteko materiala aurkitu baitzuten. 40 egun inguru egin zituen espetxean, eta otsailean etxeko atxiloaldia ezarri zioten.

Fiskalak bost urteko zigorra eskatu zuen Luzarragarentzat. Abuztuaren 25ean hasi zen epaiketa Temucoko Auzitegian, eta handik ia bi astera eman zuten epaia: errudun. 220 eguneko kartzela zigorra ezarri zioten, baina ordurako beteta zeukan, guztira 250 egun egin baitzituen atxilo.

Kanporatze aginduaren zain

«Emandako zigorrarekin eurek ere onartu dute errugabea naizela», adiera zion Luzarragak BERRIAri epaia jaso eta egun batzuetara. Idazleak errugabe jotzea espero zuen, epaiketan argi geratu zelakoan ez zeukala lehergailuak egiteko materialik, baina epaileek «erabaki politikoki zuzena» hobetsi zutela iritzi zion.

Baina epaiak ez zuen ekarri Luzarragaren buruhausteen amaierarik. Urte hasieran haren aurkako kanporatze agindua sinatu zuen Txileko Barne ministroak, sententzia jakinarazi eta hamabost egunera gauzatu beharrekoa. Hartara, agindua aplikatzea geldiarazteko asmoz, Luzarragaren kontrako prozesuaren aurkako helegitea aurkeztu, eta epaia indargabetzeko eskatu zuen haren abokatu Jaime Madariagak. Oraindik ez da argitu zein emaitza izan duen errekurtso horrek, ezta Txilek Luzarraga kanporatu duen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.