haur lapurtuen auzia

Etxeberria auzi medikuak dio umerik ez zela lapurtu

Ez du baztertu adopzio irregularrak egotea. Haur lapurtuen auzia ikertzeko batzordeak goizean egindako bileran egin ditu adierazpenok Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak. 

2012ko maiatzaren 11
16:35
Entzun

Haur lapurtuen auzia ikertzeko batzordeak gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egin duen bileran, Francisco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko kide eta auzi medikuak gezurtatu egin du frankismo garaian eta ondoren haurrik lapurtu zela. Datuetan oinarritu da horretarako; hala ere, adierazi du balitekeela adopzioetan irregulartasunen bat egotea.

Etxeberriak hiru argibide nagusi eman ditu. Batetik esan du kasu batzuetan ez direla ondo azaldu txosten medikuak —medikuek ezin dituzte datu horiek jakinarazi eta azaldu, legez kanpokoa litzatekeelako— eta horrek are zalantza gehiago eragin duela esan du.

Bestetik, Etxeberriak uste du irekitako hobien inguruan ez dela azalpen egokirik eman. Kasu guztietan material biologikoa egotearen zantzuak zeudela argitu du. Azkenik, adierazi du garai bateko ohiko jokabide batzuk ezin direla gaur egun ulertu (adibidez, garai batean hildako ume bat ez zitzaien gurasoei erakusten, mingarriagoa zelakoan).

Etxeberriak onartu du kontrakoa frogatzen bada "etsipena" sentituko duela, gizakien lapurreta "krimenik larriena" delako. Azken aldian gaiaren inguruan "psikosia" sortu dela gaineratu du.

Horrekin batera, Etxeberriak esan du gezurra dela irekitako hilobietan ez zela ezer aurkitu, eta ohartarazi du haurrak izanik, posible dela haien hezurrak desegin egin izana.

Etxeberriaren ondotik hitz egin dute Carlos Cubero eta Luis Miguel Querejeta Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeko kideek. Querejetak Etxeberriaren adierazpenei erreferentzia egin die, eta denborarekin hezurrak "degradatu" egiten direla azaldu du, baina ez "desagertu".

Legebiltzarrak otsailaren 16an onartu zuen batzordea sortzea, 1940 eta 1990 urteen arteko lapurreten eta legez kanpoko adopzioen inguruan lan egiteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.