"Urrats berria eta inolako baldintzatan oinarritu gabea da hau, historikoa", eta "ez dago ihesbide literariorik, ezta mozorrotze interesaturik ere". Hala esan du Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak euren alderdi politiko berriaz gaur Bilbon, Euskalduna jauregian, haren ezaugarriak aurkeztu dituenean. Hala, berretsi du "helburu politikoak eskuratzeko indarkeriaren edota mehatxuaren erabileraren aurka" dagoela alderdi berria, "errefusatu" egingo duela; "hor barnean kokatzen da ETAren indarkeria ere, zein-nahi delarik hartuko lukeen forma".
Iruin abokatua ere antzera mintzatu da, eta, ondorioz, alderdiaren legeztatzea exijitu dute. Etzi joango dira Espainiako Gobernuaren Barne Ministeriora erakundea erregistratzera. Hain zuzen, BERRIAk jakin duenez, ezker abertzaleak bihar egingo ditu publiko estatutuak. Alderdiaren izena zein den ere jakinaraziko dute bihar. 11:00etan prentsaurrekoa emango dute, Bilbon, NH Nervion hotelean. "Legeztapena ezinbestekoa da atzerabiderik gabeko bake eta normalizazio politiko mailakatuaren prozesuan aurrera egiteko", esan du Etxeberriak.
Hark hiru apustu azpimarratu ditu hitzaldian: 1. "Bortxazko zikloa behin betiko ixteko prozesu demokratikoaren apustua egin du ezker abertzaleak". 2. "Independentziaren bidean eta aldaketa politiko eta sozialean eragiteko, indar metaketaren apustua egiten dugu, eragile politiko, sozial eta sindikalen arteko aliantza politiko, zabal eta eraginkorraren alde eginez". 3. "Ezker abertzalearen antolamendu berria bultzatuko dugu".
Halaber, berretsi du "ezker abertzaleak bere proiektu politikoa bide soilik politiko eta demokratikoetatik garatzeko erabakia" hartu duela "hausnarketaren eta erabaki burujabearen ondorioz" -Mitchell irizpideak aipatu ditu-; horrez gain, adierazi du "konpromiso hau irmoa eta zalantzarik gabea" dela, "abaguneko gertakarietatik zein aldaketa taktikoetatik at egonik". "Atzerabiderik ez" dagoela ere esan du, baita indarkeriarekin zerikusia luketen eragileekin harremanik ez dutela izango ere. "Indarkeria ez dugu justifikatzen eta babesten".
Joan den azaroaren 27an Iruñean emandako prentsaurreko jendetsu batean jakinarazi zuten bezala, Espainiako Alderdien Legea beteko dutela hitz eman du berriro Etxeberriak. Lege horren "erabilera politiko argia ozenki salatu" du, "erakundeetan herri borondatearen ordezkaritza trukatzeko" baliatzen dutelako eragile batzuek -ez du zehaztu zeinek-.
Iruin: "Iraganeko antolaketarekin moztu egin du alderdi berriak"
11:08-11:35 artean mintzatu da Etxeberria -euskaraz eta gazteleraz-, eta ondoren ekin dio Iñigo Iruin abokatuak alderdiaren estatutuak azaltzeari -gazteleraz-. Azpimarratu du alderdi politiko berriak "ezker abertzalearen iraganeko antolaketarekin moztu" egin duela. "Ondorioz, menpeko loturarik ez du legez kanpo dauden erakundeekin. Alderdi berri hau ez dator ezer birsortzera. Haustura da". Espainiako Auzitegi Gorenak ezker abertzaleko beste alderdi edo erakunde batzuk legez kanporatzeko edo baliogabetzeko garaian, horiek beste batzuen "jarraipena" suposatzen zutela esan izan du.
Iruinek ere berretsi du alderdi berriak "indarkeria errefusatu" egiten duela, eta hitz eman du "indarkeria oro -ETArena zehazki- behin betiko eta erabat desagertzeko borondatea" dutela. Zenbait kasutan 'terrorismoa' hitza erabili du. "Biktima denen aitortza" izango dute, orobat.
"Herri borondatea, mobilizazio demokratikoa, borroka ideologikoa eta parte-hartze politiko-instituzionala izango dira ekintza politikorako lanabes bakarrak". Ondorioz, abokatuaren arabera, alderdiko estatutuek bete egiten dute Alderdien Legea, "eta haiek aztertzeko arrazoi juridikoak baino ez dira erabili behar".
11:55ean bukatu du azalpena, eta orduan eman diote amaiera ekitaldiari -Lokarri herritar sareak antolatu du-. Txalo zaparrada izan da -300en bat lagun zeuden aretoan-.
Alderdien Legea, 2002an sortua
2002ko ekainaren 27an jarri zuten martxan Alderdien Legea, PPk eta PSOEk bultzatuta, eta Auzitegi Gorenak 2003ko martxoan utzi zituen legez kanpo Batasuna, HB eta EH, "ETAren tresna eta ETAkoak" zirela argudiatuta.
Harrezkero, Espainiako Justiziak legez kanpo edo baliorik gabe utzi izan ditu AuB eta herri platafomak 2003an, HZ 2004an, Aukera Guztiak 2005ean, EAE-ANV (herri hautagaitza erdiak eta foruetako ia guztiak) eta ASB 2007an, D3M eta Askatasuna 2009an. 'Salbatu' izan diren bakarrak: EHAK 2005ean eta Iniciativa Internacionalista -ezker abertzaleak haien aldeko botoa eskatu zuen-. Gorenak 2008an EHAK eta ANV ere legetik at jarri zituen.
ezker abertzalearen legeztatzea
Etxeberria: "Urrats berria eta baldintzarik gabekoa da, mozorrorik gabea; indarkeriaren aurka gaude"
Ezker abertzaleak bere alderdi politiko berriaren ezaugarrien eta estatutuen berri eman du gaur, Bilboko Euskalduna jauregian. Hiru apustu nabarmendu ditu Etxeberriak: "Bortxazko zikloa behin betiko ixteko apustua, aldaketa politikoan eragiteko indar metaketa, eta ezker abertzalearen antolamendu berria". Iruin: "Ezker abertzalearen iraganeko antolaketarekiko haustura da". Biek azpimarratu dute "indarkeria errefusatu" egiten duela alderdi berriak, ETArena barne, eta legeztapena exijitu dute. BERRIA.INFOk zuzenean eman du ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu