Frantziako Poliziak atzo goizean atxilotutako Jean Noel Etxeberri Txetx ELAren Robles Arangiz Fundazioko Iparraldeko arduradun eta ABko bozeramaile ohiak eta Jacques Mourio militante independentista okzitaniarrak Baionako polizia etxean jarraitzen dute. Beren etxeetan atxilotu zituzten biak, Etxeberri Baionan eta Mourio Pauen.
Parisko Laurence Le Vert eta Marie Antoinette Houyvet epaileek eman zuten atxiloketa agindua, bi militanteek 2004ko urriaren 3an Frantziako Poliziak egin atxiloketekin lotura dutelakoan. Orduan poliziak Mikel Albisu eta Soledad Iparragirre atxilotu zituen. Robert Arricau militante okzitaniarra ere atxilotu zuten. Poliziaren arabera, Arricauk adierazi zuen bi atxilotuek ETArentzako azpiegitura lanak burutzen zituztela. Jean Francois Lefort i Lof Askatasunako bozeramailea atxilotu zuen orduan Frantziako Poliziak, Arricauren adierazpenetan oinarrituta. Urte bete preso egon ondoren, libre utzi zuten, Arricauk adierazpenak faltsuak zirela erran ondoren.
Ipar Euskal Herrian ELAk eratutako Robles Arangiz Fundazioko arduraduna da Etxeberri. ELAren ustez, «atxiloketaren helburua Iparraldeko mugimendu abertzalea beldurtzea da». Fernando Iraeta Robles Arangiz fundazioko presidenteak Etxeberri berehala libre uztea eskatu zuen. «Bitxia da Frantzia eta Espainia elkar hartzea momentu berean». Pluraltasunez eta bide demokratikoak erabiliz, Etxeberri Euskal Herriaren eskubide sozial eta politikoen alde borrokatzen dela azpimarratu du.
ABk salatu du Etxeberrik bultzatzen duen ildo politikoa zikintzea dela Frantziako Poliziaren helburua. «Laborantza Ganbera, Robles Arangiz Fundazioa eta AB ere zikindu nahi izan dituzte polizia operazio honen bidez». ABk gogorarazi du Etxeberri alderdiko bozeramale ohia dela eta gaur egun alderdiko militantea dela. Atxiloketa unea ez dela kasualitatea nabarmentzen du ABk, hauteskundeen atarian bortizkeriarik gabeko bide demokratikoak hautatu dituzten militanteak kriminalizatu nahi dituztelako.
Aralarrek ere Etxeberri eta Muorioren atxiloketak salatu ditu, elkartasuna adieraziz denbora berean ordezkatzen dituzten mugimenduei, atxilotu izana salatu du Aralarrek, eta, halaber, elkartasuna adierazi die bi pertsona horiei eta haiek ordezkatzen dituzten erakundeei. ELAko Manuel Robles Arangiz Fundazioari eta ABri. «Euskal Herria Bai koalizioaren kontrako erasotzat ikusten dugu; koalizioa kriminalizatzeko eta zikintzeko saio garbia da».
ELKARRETARATZE JENDETSUA. Askatasunak Baionako Herriko Etxearen aitzinean deitutako elkarretaratzean 200 lagunetik gora bildu ziren iluntzean. AB, ELB eta ELAk ere elkarretaratzera deitu zuten. Alderdi eta sindikatu ezberdinetako arduradunak izan ziren bertan, hala nola Peio Etxeberri Aintxart ABko bozeramalea, Jean Rene Etxegarai Baionako Herriko Etxeko auzapezordea, Jean Lissar Berdeetako Akitaniako kontseilaria, Daniel Romestand PCFko hautagaia, Manex Pagola EAko arduraduna, Mixel Berhorkoirigoin Laborantza Ganberako presidentea eta Xabi Larralde Batasunako mahaikidea.
Askatasunak poliziaren muntaia zaharberritua gaitzetsi du. Nabarmendu poliziak 21 egunez isolamenduan atxiki zuela Arricau eta presio ugari egin ondoren egin zuela aitormena. Ondoren adierazpenak faltsuak zirela eta presiopean egin zituela azaldu zuen Arricauk. Bi militanteak atxiloturik segitzen dutela salatzeko elkarretaratzeetara deituko du Askatasunak Baionako Herriko Etxearen aitzinean, 18:30ean.
Atxiloketak
Etxeberrik eta Mouriok Poliziaren esku jarraitzen dute
Atzo atxilotu zituzten ELAren Robles Arangiz Fundazioko Ipar Euskal Herriko arduraduna eta militante independentista okzitaniarra. ETArentzako azpiegitura lanak egitea egotzi diete. Aldiz, ELAk eta ABk atxiloketen helburua Iparraldeko mugimendu abertzalea "zikintzea" dela salatu dute. 200 bat lagun bildu ziren atzo haien askatasuna eskatzeko elkarretaratzean; alderdi abertzaleetako ordezkariek ez ezik, PSkoek, UDFekoek, Berdeenek eta PCFkoek ere parte hartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu