etxebizitza

Etxebizitza eskubide subjektiboa bermatzeko Foru Lege proposamena aurkeztu du laukoak

Bi laguntza ekonomiko berri eskainiko dituzte: bata, gazteentzakoa; bestea, haurrak dituzten familiei begirakoa.

Ezkerretik eskuinera, Mikel Buil (Ahal Dugu), Asun Fernandez de Garaialde (EH Bildu), Laparra lehendakariordea, Isabel Aranburu (Geroa Bai) eta Jose Miguel Nuin (Ezkerra), legearen aurkezpenean. NAFARROAKO GOBERNUA
Ion Orzaiz.
2018ko urriaren 23a
07:44
Entzun

Etxebizitza eskubide subjektibo gisa aitortu nahi du Nafarroako Gobernuak, eta, horretarako, foru lege proiektua aurkeztu berri du legebiltzarrean. Itun programatikoan pisu berezia zuen etxebizitzaren aferak, eta, lege proposamen berriarekin, "urrats garrantzitsua" egin dutela nabarmendu dute gobernuari eusten dioten lau indar politikoetako ordezkariek. Agerraldian izan dira Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparra, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Asun Fernandez de Garaialde (EH Bildu), Mikel Buil (Ahal Dugu-Orain Bai) eta Jose Miguel Nuin (Ezkerra).

Ordezkari guztiek azpimarratu dute Nafarroan, "lehen aldiz", etxebizitzaren eskubide subjektiboa propio aipatzen duen arau bat onartuko dela. Horren arabera, etxebizitza "duina eta egokia" izatea oinarrizko eskubidea izanen da, eta gobernuak hori bermatzeko betebeharra izanen du.

Nafarroako Gobernuaren alokairuko etxebizitza parkea "aski ez" dela onartuta, foru legearen zirriborroak "laguntza ekonomiko bermatua" eskainiko du, zerga kenkari bidez. Laguntza ekonomiko horrek bi modalitate izanen ditu:

Bata, EmanZipa izeneko programa, 23 eta 30 urte bitarteko gazteentzakoa izanen da. Horren arabera, Nafarroako Gobernuak pagatuko du alokairuaren kuotaren erdia, hilean 250 euro arte. Laguntza hori jasotzeko eskubidea izanen dute 20.000 euro arteko diru sarrerak dituzten gazteek, edota 30.000 euro artekoak, bi edo hiru laguneko etxebizitzak badira.

Onuradunei hiruhilabetean behin ordainduko zaie diru laguntza, bankuko ziurtagiriak aurkeztuta, eta urtero berritu beharko dute laguntza.

Bigarren modalitatea, DaVid izenekoa, diru sarrera urriko familiei eskainiko die Nafarroako Gobernuak. Hilean 200, 250 edo 300 euro ordainduko diete, errentaren arabera, eta alokairuaren %50 arte. Diru laguntza jaso ahal izateko, familiek frogatu beharko dute gutxienez urtebete daramatela etxebizitza babestua lortzeko eskatzaileen erroldan izena emanda.

Beste hainbat neurri ere ezarriko dituzte foru lege berrian:

-Debekatu eginen dute babes ofizialeko etxebizitzak alokairu turistikorako erabiltzea.

-Etxe kaleratzeak galarazteko neurriak hartuko dituzte, eta etxebizitza ordainean emateko aukera sustatuko dute. Halako kasuetan, bankuak uko eginen balio etxebizitza hipotekaren ordainean jasotzeari, etxebizitzaren gehieneko salneurria %50era murriztuko litzateke automatikoki. "Hartara, bankuei ez zaie errentagarri aterako etxebizitza ordain gisa ez onartzea".

-Etxebizitza askoren jabeek (enpresek, bankuek...) betekizun izanen dute bizigarritasun zedula berritzea.

Lauko gobernuari eusten dioten taldeek laster eztabaidatu nahi dute lege proposamena Nafarroako Parlamentuan. Ezkerrako Jose Miguel Nuinek azaldu duenez, lege berria urtea amaitu baino lehen onartuko dute —beharrezko botoak badituzte jada—, eta 2019ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.