ETXEBIZITZA. Etxeak eraikitzeko dirurik ez

Herritar eta enpresa txiki asko bezala, Basurtu auzoan etxebizitzak eraikitzeko finantzabideak lortu ezinik dabil Bilbao Ria 2000 konpainia publikoa. Europara joko du diru bila.

MAITE ASENSIO BILBO
2009ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Eraikuntza egitasmoak krisi ekonomikotik ihes egin ezinik dabiltza, eta hala berretsi da egunotan, Bilboaldeko hirigintza birsortzeko helburua duen Bilbao Ria 2000 konpainia publikoari (BR2000) gertatutakoa ikusita. Izan ere, Basurtu eta Garellano auzoetako egitasmoa finantzatzeko mailegua ukatu diote lau banketxek konpainiari, 2006an adostutako interes tasak egun onargarriak ez direlakoan. Egitasmoa arriskuan dagoenik ez dute esan BR2000ko arduradunek, baina gauzak aldatu ezean, espero baino garestiago aterako zaie.

Egun Bilboko suhiltzaileak eta Udaltzaingoa dauden tokian, 1.150 etxebizitza egin nahi ditu BR2000k. Horretarako, bertatik igarotzen den Feveren trenbidea lurperatu behar da, eta suhiltzaileen eta udaltzainen egoitza Miribilla auzora eraman. Proiektua gauzatzeko, inoizko mailegurik handiena eskatu zuen BR2000k: 105 milioi euro. 2006ko ekainean akordioa lortu zuten lau banketxerekin: Euskadiko Kutxa, BBVA, Santander eta BBK. Haietako bakoitzak 26,25 milioi euroko mailegua emango zizkion BR2000ri; konpainiak hamar urte edukiko zituen dirua itzultzeko, Euriborra gehi %0,15eko interes tasa ordainduta.

Izapideak amaituta, 2007ko abenduaren 17an jarri zuten hitzordua kreditua sinatzeko. Egunean bertan, ordea, Santanderrek kale egin zuen, ez zegoelako interes tasarekin ados. «Finantza egoera ez zen egungoa bezalakoa, baina ordurako nahiko konplexua zen, eta operazioaren prezioak desberdina izan behar zuela argudiatu zuten», azaldu du Angel Nieva BR2000ko zuzendari nagusiak. Gainerako banketxeekin akordioa sinatu zuen konpainiak, baina inork ez ditu Santanderrek eman behar zituen 26,25 milioiak eman nahi. Ez behintzat 2006an adostutako baldintzetan.

«Normala da», dio Iñaki Azkuna Bilboko alkate eta BR2000ko presidenteak; «ez dago 2006 eta 2007ko prezioetan oinarritutako mailegua emango duen bankurik, haiek ere dirua irabazi nahi dutelako». Euriborra jaisten ari dela eta, interes tasa altuagoak eskatzen dituzte banketxeek. «Operazioak duen arriskuaren arabera ezartzen den saria handitu nahi dute, %1era edo %2ra», Nievaren arabera. Funtsean herritar eta enpresa txiki askori gertatutakoa gertatu zaio BR2000ri.

Etxeak saldu ezinik

Etxebizitzen salmenta maldan behera doan honetan, bankuek tentu handiz aztertzen dituzte eraikuntzara bideratutako maileguak. Garellano-Basurtu proiektuko 1.150 etxebizitzen erdia babes ofizialekoak izango dira; hain zuzen ere, beste erdia merkatu librean saltzean lortutako diruaren bidez itzuliko du BR2000k mailegua. Arazoa da Bilbon eraiki berri diren etxebizitzak saltzeko zailtasun handiak dituztela sustatzaileek. Miribila auzo berrituan, adibidez, prezioak nabarmen jaitsi behar izan dituzte. Eta Zorrotzaurren merkatu librean salgai jarriko diren 2.840 etxebizitzei irtenbidea aurkituko zaien ere zalantzan jarri dute hainbatek, are gehiago kontuan hartuta orain arte erakunde publikoen arretarik eduki ez duen auzoa dela.

«Dagoeneko ez al da behar etxebizitzarik?», dio Azkunak; «Arazoa da krisia dagoela, eta beldur handia. Ez dezagun beldur hori elikatu». Banketxeekiko eragiketaren porrotaren inguruan, «konfiantzako diskurtsoa» egin nahi izan du Azkunak: «Gaur bertan bi bankurekin hitz egin dut; ez da egia ez digutela dirua mailegatu nahi, baina beste baldintza batzuetan. Bilbao Ria 2000 kaudimenduna da». Dena den, bankuei egungo prezioetara egokitutako proposamena egin baino lehen, Europako Inbertsio Bankura joko du BR2000k.

Edonola ere, egoera ikusita, Bilboko Udalean ere hazkunde eredu hori auzitan jarri duenik agertu da. Txema Oleaga PSE-EEko bozeramaile eta BR2000ko kontseilariak azaldu duenez, «hiriaren hazkundea ezin da porlanean oinarritu». Azkunak besteei egotzi die ardura: «Zapaterok 8.000 milioi euro eman berri die udalei, hain zuzen, porlana egiteko. Ez digu besterik egiten uzten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.