ETXEBIZITZA

Etxebizitza Legea, azken langaren atarian

Etxebizitza eskubide subjektibotzat jotzen duen lege proposamena onartu du Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordeak.

Eusko Legebiltzarreko Etxebizitza Batzordeko une bat. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
2015eko maiatzaren 27a
12:38
Entzun

Azkenaurreko langa gainditu du lege egitasmoak, PSE-EE, EH Bildu eta UPDren oniritzia jaso baitu batzordean. Kontra bozkatu dute EAJk eta PPk. Osoko bilkurak onartzea falta da orain; ekainean egingo dute hura onartzeko bilkura, ziurrenik.

Norberto Aldaiturriaga EAJko legebiltzarkideak adierazi du Espainiako Kongresuan arautu behar dela desjabetzea. Neurri "hertsatzaileak" salatu ditu, eta arauak ekonomian izan dezakeen eragin "negatiboaz" ohartarazi du. Marian Beitialarraingoitia EH Bilduko legebiltzarkideak erantzun du etxe hutsei ezarri asmo zaien kanona gehien dutenak baino ez dituela zigortzen, eta nabarmendu du legea ez dela "inoren kontrakoa", herritar guztiek etxebizitza duina izatearen aldekoa baizik.

Bixen Itxaso PSEko legebiltzarkidea pozik azaldu da batzordeak lege ekimena onartu ostean. Azaldu du arauak ez duela urratzen "espiritu konstituzionala"; haren ustez, guztiz kontrakoa" egiten du, Espainiako Konstituzioak onartutako etxebizitzarako eskubidea praktikara eramango duelakoan. "Ez da gobernuaren edo bankuen kontrako legea", erantsi du. Laura Garridok (PP), berriz, "demagogikotzat" jo du neurria; uste du "neurri populistak" dituela eta "itxaropen faltsuak" sortuko dituela. Ekonomikoki "bideraezina" dela uste du, eta segurtasun juridiko falta sortuko duela.

Gorka Maneirok (UPD) esan du ez dela munduko lege onena, baina azpimarratu du herritarrei mesede egiten dieten gai "interesgarriak" jasotzen dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.