Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politika berriaren ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur Miguel Laparra Eskubide Sozialetarako lehendakariordeak, legebiltzarrean eginiko agerraldian. Bi ardatz nagusi nabarmendu ditu: etxebizitzen erabilera lagatzeko erregimen berri bat, eta alokairu sozialaren indartzea.
Erabilera lagatzeko modalitatea "alokairuaren eta salmentaren arteko formula" izanen dela iragarri du Laparrak, eta "gazteen beharren arabera diseinatua" izan dela gaineratu du. Horren arabera, 20.000 eta 30.000 euro arteko ekarpena egin beharko dute interesdunek, eta horrek etxebizitza mugarik gabe erabiltzeko baimena bermatuko die betirako, "hilean 300 eta 400 euro arteko alokairu merkea ordainduta". Modalitate hori Europa iparraldeko herrialdeetan erabiltzen dela azaldu du lehendakariordeak.
Horrez gainera, Nafarroako Gobernuaren lehentasuna alokairu soziala indartzea izanen dela esan du Laparrak: Nasuvinsa sozietate publikoak bost urteren buruan alokairurako 500 etxebizitza eraikiko dituela gogorarazi du, "eta horiei gehitu behar zaizkie tokiko administrazioen zein promotore pribatuen proiektuak". Hortaz, datozen bost urteetan alokairu sozialerako 1.000 etxebizitzatik gora eraikiko direla azpimarratu du.
Hain zuzen, alokairu sozialaren prezioak jaisteko asmoa agertu du lehendakariordeak: "Azken 15 urteotan, KPIa baino %46 gehiago handitu da alokairu sozialen prezioa, eta hori onartezina da. Hori aldatzeko lanean ari gara, eraikitzaile eta promotore elkargoarekin batera, adostasunean oinarritutako irtenbide bat bilatze aldera".
Laparraren aburuz, orain arteko etxebizitza politikaren eredua "hilda dago", eta berri bat eraikitzeko asmoa agertu du: "Eredu merkantilista eta espekulatzailea hilda dago; hemendik aurrera, pertsonen beharrak eta eskubideak hartu beharko ditugu kontuan, eredu sozialago baten alde".