Etxegabetzeak

Etxebizitza Sindikatuak eta Errakik Abetxukon izandako etxegabetzea salatu dute

Gertatutakoa salatzeko agerraldia egin dute, eta horrelako kasuei aurre egiteko prestatu duten gida aurkeztu dute.

Gasteiz. Etxebizitza Sindikatuaren prentsaurrekoa, atzo. Abetxuko auzoko etxegabetzea salatzen. RAUL BOGAJO/ FOKU
unai etxenausia
2021eko uztailaren 29a
11:12
Entzun

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak eta Erraki Langileen Kontrolpeko Babes Sareak etxegabetze bat salatu dute, «desokupazio enpresa batek» Abetxuko auzoan (Gasteiz) aurrera eraman zuena. Familia bat Banco Popularrena zen etxebizitza batean bizi izan zen lau urtez, eta kaleratu egin zuten.

Sindikatuaren esanetan, familia bizi zen etxebizitza bankuaren jabetza zen, eta «putre funts batena» bihurtu zen duela hainbat hilabete: «Putre funtsak desokupazio enpresa bat kontratatu zuen, eta, apirilean, etxebizitzan agertu ziren, sarrailagile batekin, etxebizitzaren sarraila aldatzeko asmoz. Inolako agindu judizialik gabe, etxegabetzea modu ilegalean gauzatu nahi izan zutela azpimarratu nahi dugu». Azaldu dutenez, bertan jendea bizi zelako «proba argiak» zituzten bai etxebizitzaren jabeek eta bai administrazioak eta udaltzainek, eta «erroldak eta polizien bisita etengabeek» berresten dute hori.

Kasuaren aurrekariak ere esplikatu nahi izan dituzte. Hain zuzen, ekainean, desokupazio enpresako gizon bi eta abokatu bat joan zitzaizkien etxe horretako bizilagunei, eta eskaintza ekonomiko bat egin zieten handik joatearen truke. Egoera «jasanezin» horretan, familiak etxea hustu zuen; ezetz esanez gero zer gerta zitekeen «beldur». Uztailaren hasieran, familiak etxea utzi behar izan zuen: «Guk, azken egunetan izan dugu gertatutakoaren berri».

Aholku gida

Etxebizitza Sindikatuak eta Errakik «antolakuntzaren beharra» azpimarratu dute. Eta horretarako, «ekarpena egiteko asmoz», batetik, desokupazio enpresen aurka eman beharreko pausoak azaltzen dituen gida bat aurkeztu dute, eta, bestetik, haiekin harremanetan jartzeko deia egin diete horrelako egoera batean bizi diren familia, eragile eta norbanakoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.