Etxebizitza turistikoak erregulatzeko ordenantza onartu du Donostiako Udalak

EAJ eta PSEren aldeko botoekin egin du aurrera proposamenak. Eneko Goia alkatearen ustez, "arau honek oreka eskaintzen dio hiriari".

Udal ordenantza berriak hiriko pisu turistikoak erregulatuko ditu.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko martxoaren 1a
13:12
Entzun

Donostiako Udalak etxebizitza turistikoak erregulatuko dituen udal ordenantza onartu du, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. Arau berriak Donostiako eremuetan banatuko ditu alokairu turistikoak.

Hala, Parte Zaharra eremu betetzat joko du, eta eskaera handiko eremu izendatuko ditu erdialdea, Gros, eta Antiguako nahiz Egiako eremu batzuk. Horietan, etxebizitza turistikoak lehen solairuan soilik ezarri ahalko dira, eta ezingo dira 250 metro karratu baino handiagokoak izan eraikin bakoitzeko.

Hiriko gainontzeko eremuetan solairu guztietan ezarri ahalko dira etxebizitza turistikoak, eta 350 metro karratu izan ahalko dituzte eraikin bakoitzean. EH Bilduk, Irabazik eta PPk zuzenketak aurkeztu dizkiote ordenantzari.

2016an turismoari buruz abiatutako hausnarketaren emaitza da ordenantza. Eneko Goia alkatearen esanetan, "fenomeno honi erantzun egokia emango dio ordenantzak, turismo iraunkor eta kalitatezkoa lortzeko bidean".

Ordenantzaren aurka azaldu dira EH Bildu eta Irabazi. Azken horien iritziz, "mikroekonomia kolaboratzailea eta etxe hutsak eskaintzen dituen enpresak maila berean jartzen ditu, eta hankasartzea da hori". EH Bilduren ustez, "ordenantza zehatz baten beharra dago", eta azpimarratu du "Idealista atariaren arabera azken sei hilabetean 200 euro igo" dela metro karratuaren prezioa Donostian.

Aurkakoek, erantzun bateratua

Osoko bilkuren aretoan izan dira onartutako ordenantzarekin ados ez dauden zenbait eragiletako kideak. Pentsionisten elkarteak, Kaleratzeak Stop plataformak eta Donostiako zortzi auzo elkartek prentsaurrekoa eman dute ordenantza onartu berritan. Haien izenean hitz egin du Parte Zaharrean Bizi elkarteko Xabier Arberasek: "Ordenantza hau gizarte kontsentsurik gabe sortu da, eta are gehiago okertzen du donostiar askok etxebizitza duina lortzeko duten ezintasuna".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.