Iazko azken hiruhilekoan etxe berrien prezioa %0,6 jaitsi zen Araban, eta %1,7 eta %2,5 igo zen, hurrenez hurren, Gipuzkoan eta Bizkaian, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren datuen arabera. Espainiako Etxebizitza Ministerioaren datuetan, etxe berrien prezioaren jaitsiera handiagoa da: %4,4 Gipuzkoan eta %2,8 Araban; Bizkaian, berriz, etxeak %3,2 garestitu ziren iazko azken hiruhilekoan. Araban bi hiruhilekotan jarraian jaitsi zen etxe berrien prezioa. Bigarren eskuko etxeen kasuan igoera ez da puntu bat baino handiagoa, ez Eusko Jaurlaritzaren datuetan, ezta Espainiako Gobernuaren datuetan ere. Babes ofizialeko etxeen prezioa ere %3,5 jaitsi zen iaz.
«Datuek argi eta garbi erakusten dute etxe berrien prezioaren igoera gelditu egin dela, etxeen prezioak goia jo duela», nabarmendu zuen Javier Dean Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordeak, atzo. Gehitu zuen azken urteetan lehen aldiz jaitsi dela etxe berrien prezioa Araban.
Ez etxeen prezioa bakarrik. Hiri-lurzoruaren prezioa ere %4,4 jaitsi da batez beste Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Javier Deanek jaitsiera horren garrantziaz ohartarazi zuen: «Lurzoruaren kostua da etxearen prezioaren %60. Beraz, etxeen prezioak apaldu egingo direla aurreikus daiteke. Euskadi jada ez da erakargarria eraikuntza inbertsioetarako ».
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak uste du babes ofizialeko etxeen eskaintzari «emandako bultzada» «funtsezkoa» izan dela etxe berrien prezioa jaisteko, «eragin zuzena» izan duela. Hala erakusten duela Arabako etxe berrien prezioaren jaitsierak: Eusko Jaurlaritza babes ofizialeko 2.946 etxe egiten hasi zen iaz Araban, Bizkaian (1.494) eta Gipuzkoan (833) baino askoz ere gehiago. Deanen esanetan, Gipuzkoan babes ofizialeko etxe gutxiago egiten dira, besteak beste, bertako orografia malkartsuagatik.
BABES OFIZIALEKO 5.273. Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak babes ofizialeko etxeen sustapenaren balantzea egin zuen atzo: 5.273 guztira, iaz baino %14 gehiago, baina 2003an baino %20 gutxiago. «Joerak baieztatu egiten du babes ofizialeko etxea dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten diren hiru etxetik bat», zehaztu zuen Deanek.
############
«Datuek argi eta garbi erakusten dute prezioaren igoera gelditu egin dela, prezioak goia jo duela»
JAVIER DEAN
jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordea
############
Etxeen prezioen igoera gelditu egin dela uste du Eusko Jaurlaritzak
Hiri lurzoruaren prezioa %4,4 jaitsi da batez beste Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu