Etxegabe bat zendu da Bokalen

Atzo aurkitu zuten haren gorpua, olana baten azpian. Hotzez hil dela ebatzi dute. Herve Jonathan Baionako suprefetaren hitzetan, "eskaintzen zitzaion laguntza ukatzen zuen". France Bleu irratiak beste etxegabe baten heriotza iragarri du, baina Baionako prokuradorearen arabera, aurkitutako gorpua oraindik ez dute identifikatu.

Etxegabe batzuk, kalean. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
Ekhi Erremundegi Beloki.
2018ko otsailaren 22a
12:21
Entzun

Etxegabe baten gorpua aurkitu zuten Bokalen, atzo. Samuel Vuelta Simon prokuradorearen arabera, olana baten azpian aurkitu dute, eta hotzaren ondorioz hil da. Adierazi duenez, "ez du beste informaziorik". Herve Jonhatan Baionako suprefetaren arabera, "bertako gizarte zerbitzuek segitzen zuten pertsona bat zen", France Bleu irratian egin dioten elkarrizketan adierazi duenez. "Ditudan informazioen arabera, pertsona horrek eskaintzen zitzaizkion aterpetze aterabideak ukatzen zituen, eta nahiago zuen bere bizimoduarekin jarraitu. 115ak ezezkoak jasotzen ditu maiz, bizimodu autonomo eta independente batera ohitu diren pertsonak direlako anitzetan, eta aterpetze kolektiboa eskaintzen duen egitura batean sartzeak diziplina kolektibo eta bizi-arau batzuk errespetatzea dakar".

France Bleu irratiak Baionan beste etxegabe bat zendu dela ere adierazi du, baina Baionako prokuradoreak ukatu egin du informazioa. Bere arabera, aurkitutako gorpua ez dute oraindik identifikatu, baina adierazi duenez, ez litzateke etxegabe batena. Suprefetaren hitzetan, "inkesta abian da", eta oraindik "goizegi da" heriotzaren arrazoien inguruan ondorioak ateratzeko.

Etxegabeei laguntza eskaintzea Frantziako Gobernuaren "lehentasun" bat dela berretsi du Herve Jonhatanek: "Aurten, Frantziako Gobernuak gure esku emanak diren baliabideak indartu ditu. Hauxe da antolaketa, hiru oinarri ditu: batetik telefono harrera orokortu bat eguneko 24 orduetan, etxegabeek aterpetzeko aterabide bat aurki dezaten; bestetik, aterpetze gaitasun indartu bat, urtean zehar diren 40 aterpetze lekuen osagarri gisa, beste 38 leku gehitu ditugulako Lehuntzen, Biarritzen, Angelun eta Hendaian; eta, azkenik, gurutze gorriaren bilaketa lanak, karrikan diren jendeak identifikatzeko balio duena, bere adostasunarekin aterpetze aterabide bat eskaintzea ahalbidetzen duena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.