BesteBi plataformak eman du heriotzaren berri. Azaldu du Jose Carlos izeneko etxegabea joan den igandean agertu zela hilik, Bilboko Deustu auzoan. Done Petri plazan aurkitu zuten hilotz. Eta hantxe omenduko dute irailaren 27an. Izan ere, etxegabea gogoratu eta haren heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu du plafaromak egun horretarako; 11:00etan izango da.
Bizkaian aurten hildako bigarren etxegabea da, gutxienez. Azkena Basaurin hil zen, uztailaren 1ean. San Pedro elizpean topatu zuten gorpua. Bilbotarra zen, Manu zuen izena, eta 58 urte zituen. Duela bi urtetik Basauriko kaleetan bizi zen. Otsailean, beste hiru agertu ziren hilotz, Lapurdin: Baionan, Bokalen eta Miarritzen, hurrenez hurren. 40 eta 50 urte artean zituzten hirurek.
Eusko Jaurlaritzak Etxegabeen Euskal Estrategia onartu du aurten, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. Helburu nagusia argia da: %20 murriztu nahi dute kalean bizi direnen kopurua 2020rako. Etxebakoekin lan egiten duten eragileek, oro har, harrera ona egin zioten estrategiari. Dena den, ikusi zioten ahulgunerik. Besteak beste, ohartarazi zuten helburua "apalegia" dela eta lan ildoak "orokorregiak" direla.