Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalei gomendio bat helarazi die EAEko ararteko Iñigo Lamarcak: ohartarazi die zeinen garrantzitsua den udalerrietako egoitzetan bizi diren etxegabeak zein harrera etxeetan bizi diren adingabeak udal erroldetan izena emanda egotea, eta gogorarazi die udalerrian bizilekua duen oro erroldatzeko betebeharra dutela. Izan ere, erroldatuta egotea ezinbesteko baldintza izaten da sarri oinarrizko hainbat gizarte zerbitzu eskuratzeko; esate baterako, osasun txartela eta arazo ekonomikoak gainditzen lagun dezaketen hainbat laguntza klase.
Hori aintzakotzat hartuta, Lamarcak udal agintariei gogora ekarri die «idatziz» —herrian gehien erabiltzen diren hizkuntzak zein diren kontuan hartuta— jakinarazi behar dietela herritar guztiei zein prozedurari jarraitu behar dioten udal erroldan izena eman ahal izateko. Arartekoak ohartarazi du horretarako ez dela ezinbestekoa pertsona horiek etxe bat izatea edo etxe hori baldintza onetan egotea. Halaber, igorri duen gomendioan, arartekoak udaletako ordezkariei azaldu die erroldan izenik eman gabe egotearen ondorioei buruz ere abisatu behar dutela.
Harrera etxeetan administrazioaren tutoretzapean bizi ohi diren adingabeen kasuan ere salbuespenik ez dela onartu behar nabarmendu du EAEko arartekoak. Zenbait kasutan etxe horietan itundutakoa baino gaztetxo gehiago egoten direla aitortu du; kasu horietan, hala ere, nerabeak erroldatu egin behar direla ohartarazi du. Adingabeen interesak lehenetsi behar direla nabarmendu du, eta horiek beren burua identifikatzeko agiri gutxi badituzte ere, dauden horiexekin egin behar dela gaztetxoen erroldatzea udalean, hain justu aldundiek eskura dituzten datuak erabiliz; hartara, nerabeek ez dituzte galduko erroldan izena emanda egoteak dakartzan onurak.
Prozesu horiek guztiak errazte aldera, EAEko arartekoak udaletara igorritako gomendioan nabarmendu du garrantzitsua dela etxegabeen inguruko jarduera protokolo bat hitzartzea. «Protokolo horrek jaso beharko du udalerrian egiazko bizitokia duten pertsonek udal erroldan izena emateko eskubidea, horren barne direla egoitza batean bizi diren pertsonak», nabarmendu du.
Pertsonen «interesen» alde
Kasu hauetan, betiere, aplikatzen den arauak «pertsonen interesen aldekoena» izan behar duela agerian utzi du arartekoak. Hartara, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalei ohartarazi die ezohiko egoerak ere aintzakotzat behar dituztela zenbait kasutan pertsonak erroldatzeko orduan. Esaterako, hainbat etorkinek agiriak eskuratzeko orduan izaten dituzten eragozpenei buruz ohartarazi nahi izan du. «Kontuan hartu beharko dira izaera humanitarioko beste egoera batzuk, non jatorrizko estatuak atzeratu egiten baitira edo non ez baitiete beren nazionalitatekoei pasaporterik ematen», zehaztu du.
Etxegabeak erroldatzeko eskatu du Lamarcak
Gomendio bat helarazi die EAEko arartekoak udalei, herritarrik babesgabeenen premiak gogoan hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu