"Prebentzio politikak sendotzeko" helburua du gaur sinatutako estrategiak, "bizitegi bazterketarik" gerta ez dadin. Akordioa sinatzea borondatezkoa da, baina, behin sinatuta, loteslea. Hauek dira testua sinatu duten udalak: Gasteiz, Bilbo, Donostia, Barakaldo, Getxo, Portugalete, Irun, Santurtzi eta Laudio. Erakunde arteko akordioa sinatu dutenek urte bat dute plan bat diseinatzeko, estrategian zehaztutako ildoak jarraituta.
Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu du "zaila" dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxerik ez duten pertsonen kopurua jakitea. 2016An 2.009 pertsona zenbatu zituzten: horietatik 274 kalean ari ziren lo egiten, eta 1.735 egoitzetan. Horien %25 emakumezkoak ziren. Datuez gain, "fenomeno dinamikoa eta aldakorra" dela gaineratu du. "Ez dira talde homogeneo bat, ezta ezaugarri berdinekin denborak aurrera egin ahala".
Helburuen artean arreta ereduari beste norabide bat emateko asmoa agertu dute, "pertsona oinarri duen eta etxebizitzara orientatzen den arreta esparrua sortzeko". EAEko Gizarte Zerbitzuen Mapa guztiz ezartzekoa nahia ere berretsi dute, "lurralde guztietan baliabideen banaketa egokia egiten dela bermatzeko". Horrez gain, etxegabeen fenomenoari buruzko datu gehiago izateko lan ildoak proposatu dituzte, genero ikuspuntua aztertzeko, besteak beste.
Artolazabalek nabarmendu du gaur sinatutako estrategia ez dela "hutsetik" hasten. Nabarmendu du kalean bizi diren pertsonen arretara bideratutako politikek 47,5 milioi euroren aurrekontua dutela. Horietatik 40,2 milioi administrazio publikoek bideratzen dute, eta gainontzekoa hirugarren sektoreko elkarteek.