Gasteizko Zabalgana auzoan bizi ziren Anastasia izeneko emakume bat eta haren bi haurrak etxegabetu zituzten 2016ko irailaren 15ean, Alokabideri 9.000 euro zor zizkietelako. Ehun bat pertsona bildu ziren etxearen atarian, etxegabetuei sostengua adierazteko, baina Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak familia kanporatu zuten, tentsio handiz. Izan ere, emakumea erietxera eraman behar izan zuten, antsietateak jota.
Gertaerak oihartzuna izan zuen sare sozialetan, besteak beste Udalak Gasteiz «etxegabetzerik gabeko hiri» izendatuta zuelako.
En "ciudad libre de desahucios" @Alokabide y policía desahucian así¿Algo q decir @gorka__urtaran ? #AnastasiaSeQuedapic.twitter.com/0ZZSn4qu32
— Errekaleor Bizirik! (@Errekaleor) September 15, 2016
Ertzaintzak mozal legea ezarri zien Stop Kaleratzeak plataformako sei ekintzaileri, eta 3.612 euroko zigorra, aginteari traba egitea leporatuta.
Gertaeraren ondorioz, hainbat auzi egin ziren Gasteizko epaitegietan, eta epaileek baztertu egin zituzten salaketak, Segurtasun Sailak «hainbat irregulartasun administratibo» egin zituelako, plataformak azaldu zuenez.
Gaur, Gasteizko 2. Epaitegiak onartu egin du isuna jaso zuen azken pertsonaren helegitea, eta Jaurlaritza epaiketaren kostua ordaintzera zigortu du. Epaileak argudiatu duenez, ez da frogatu emakumea atariaren aurrean jarri zenik, epaitegietako langileei etxera sartzea oztopatzeko, edo ertzainei erresistentzia egin zienik.
Stop Kaleratzeak esan duenez, «epaiak xake mate eman dio mozal legeari». Ekintzaileen arabera, Eusko Jaurlaritzak «salaketa faltsu bat» egin zuen, «mendeku gisa». Plataformak eskatu du zigor dosierra zabaltzeko salaketa jarri zuten ertzainei, «jakiteko zergatik esan zuten gezurra, eta bultzada politiko bat egon ote zen salaketaren atzean». Mozal legea bertan behera uzteko eskatu dute, «oinarrizko eskubideak murrizten dituelako, kriminalizatzen duelako, protestarako zilegizko eskubidea zapaltzen duelako eta isiltasunaren legea eta beldurra ezarri nahi dituelako».