Alderdi politikoei eta, zehazki, Kutxabank zuzentzen duten alderdiei egin diete eskaera Donostian elkartutakoek: kaleratzeak saihesteko "benetako konpromisoak" hartzeko eskatu diete, eta "herri borrokarekin" arazo horri aterabidea ematea posible dela aldarrikatu dute.
12:30 aldera hasi da manifestazioa, Donostiako Bulebarretik, Etxebizitza duin baten alde lelopean. Leku berean amaitu da. Ordezkari politikoak ere izan dira, besteak beste Gipuzkoako Gizarte Gaietako diputatu Ander Rodriguez, EH Bilduko legebiltzarkide Marian Beitialarrangoitia eta Ezker Abertzaleko Joseba Alvarez eta Maribi Ugarteburu, eta Ezker Anitza taldeko buruzagi Arantza Rodriguez.
Hipoteken Espainiako Legea aldatzeko eskatu dute manifestazioan. Egungoaren ordez, kaleratzeak gelditu eta etxea hipotekaren ordainetan ematea onartzeko herri ekimen legegile baten alde egin dute. Hainbat banketxe daude igaro duten Askatasun hiribidean, eta "banketxe honek iruzur egiten du eta jendea etxetik kaleratzen du" zioten kartelak jarri dituzte horietan.