Lau aldeen arteko protokoloa sinatzeko asmoa du Jaurlaritzak. Sinatuko dutenen artean daude Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, EUDEL, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila eta Justizia Saila. Horren bidez, epaile batek atzematen duenean etxegabetze batek egoera "ahula eta baztertua" garatzeko bidea daramala, epaileak gaia udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuei jakinaraziko die, eta horiek beharrezko jotzen badute, Jaurlaritzari jakinaraziko diote ondoren, esku har dezan.
"Protokolo hau formula onena da erantzun egoki bat emateko etxegabetzeak eragiten ari diren muturreko kasuetarako", esan du Erkorekak. Protokoloa ekainerako prest izatea espero dute. Erkorekak azaldu duenez, "diskrezioz" jardungo dute.
Laguntza Bermeori
Bermeoko sutean kaltetutakoei laguntzeko, hainbat neurri onartu dituzte gobernu kontseiluan. Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi du "premiazko laguntza bat" onartu dutela: 125.000 euro jarriko dituzte udalaren esku, "irizpide teknikoen arabera banatzeko".