Bozak gutun-azaletik atera eta kontatu ondoren, herrietako gobernuak finkatu dira, herriko bozen bigarren itzulian. Bozen lehen itzulian lortutako emaitzak ez dira matematikoki atzematen bigarren itzulian. Nahiz eta alderdiek haien arteko akordioak egin, herritarrak dira erabakiaren jabe.
Jean Rene Etxegarai eskuineko hautagaia nagusitu da Baionan, Henri Etxeto PSko hautagaia garaituta. Ozta-ozta nagusitu zaio Etxegarai. Miarritzen, berriz, Mixel Veunac zentrista izan da garaile, botoen %51,6 lortuta. Max Brisson eskuindarra zen faborito, lehen itzulian hark irabazi eta gero.
Abertzaleek berretsi egin dituzte Uztaritzen iragan igandean lortutako emaitza onak, eta lehen aldikotz izanen da auzapez abertzale bat Lapurdiko hiri nagusi batean. Bruno Carrerek (Uztaritze Bai) bozen %45,59a bildu du eta horrekin, kontseiluko 22 alki. Bigarren lista bozkatuena Jean Claude St Jeanena (eskuina) izan da, %29,16 ekin, eta horrekin 4 alki lortzen ditu.
Claude Olive izango da auzapez Angelun, Jean Espilondori garaituta. Espilondo izan zen lehen indarra lehen itzulian, baina, aliantzarik gabe, Olive eskuindarra gailendu da. Bestalde, ez da kanbiamendurik izanen Maulen, eta Michel Etxebest auzapezak jarraituko du karguan.
Jarraipena euskal hedabideetan
Hauteskunde gauaren jarraipena egin du BERRIAk. Euskal hedabideekin elkarlanean, zuzeneko saioa egin dute BERRIAk eta Ipar Euskal Herriko Hitza-k. Euskal hedabideekin elkarlanean aritu dira: Euskal Irratiekin, Kanaldude Herri Telebistarekin, Kazeta.info atariarekin eta Herria aldizkariarekin. Twitterren, #herrikobozak traola erabili dituzte.