ERREPIDEAK

Etxegaraten ez duela bidesaririk jarriko erantzun dio Bilduk EAJri

Bilduk gezurtatu egin ditu EAJren datuak: "53 milioi euro ez, soilik 7 milioi euroko diru sarrera izango genuke neurria hartuta".

Jon Ekudero
2012ko urriaren 17a
14:56
Entzun

Etxegaraten ez dutela bidesaririk jarriko erantzun dio Bilduk EAJri. Jeltzaleek bidesaria ipintzeko eskatu zieten herenegun Gipuzkoako Foru Aldundiari, urtean 53 milioi euroko diru sarrera lortzeko helburuarekin, baina datu hori gezurtatu egin du Bilduk. Aldundiaren iritziz, 900 milioi euroko zorra ez dago kitatzerik balizko bidesari gune batekin, "urtean 7 milioi euroko diru sarrera soilik utziko bailuke". Bilduren esanetan, ez da egia atzerriko 10.000 kamioilarik zeharkatzen dutela Etxegarate. EAJk planteatzen duen neurria kalterako izango litzatekeela uste du Bilduk.

Bidesariari buruzko eztabaida ez ezik, errepideen inguruko beste eztabaida bat ere badabil batzar nagusietan. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposamen bat egin zuen autobideetako erabiltzaile gipuzkoarrek hilean 25 euro baino gehiago ez ordaintzeko. Bada, horren inguruan EAJren jarrera eta inposizio nahia salatu dute Bilduko eta Aralarreko batzarkideek. Bilduren hitzetan, horren helburua argia da, "egunero autobidea hartzera behartuta dauden gipuzkoarrei —Gipuzkoan zergak ordaintzen dituztenei—, orain arte daukaten zama ekonomiko handia arintzea". 15.000 familiak neurri horretaz baliatu ahal izatea egokia litzatekeela uste du Bilduk.

Bestelakoa dio EAJk. Aintzane Oiarbideren esanetan, "Bilduk bere benetako plana ezkutatzen jarraitzen du; hau da, ez dio herritarrei esan nahi errepideak erabiltzeagatik finantziatzeko bere benetako eredua". EAJren arabera Bilduko ordezkariak oso urduri daude gai horri buruz gezurretan aritzeko. "Izan ere, EAJk argi utzi du 25 euroren neurriaren aldeko jarrera".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.