Etxeko lanen eskaintzak Lanbidek kudeatzeko eskatu du Aralarrek

Kontrol gehiago behar dela esan du Ezenarrok, etxeko behargin asko ordutegirik-eta gabe ari direlakoan lanean

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Etxeko lanetarako lan eskaintzak Lanbide erakundearen bidez kudeatzeko eskatu du Aralarrek. Eusko Legebiltzarrean proposamena aurkeztu du Aintzane Ezenarrok. Iazko otsailean legebiltzarrak egindako eskaria ekarri du gogora Aralarrek; Eusko Jaurlaritzari eskatu zion egiteko etxeko langileen egoerari buruzko azterketa, eta kudeatzeko Lanbideren bidez haientzako lan eskaintzak. Eskari horri muzin egitea leporatu dio Ezenarrok Jaurlaritzari.

Lan ikuskaritzarako eskumena eskuratzen duenerako lana jarri dio Aralarrek Jaurlaritzari. Ezenarrok dio kontrolatu behar dela etxeko langileen egoera, asko Gizarte Segurantzan izena eman gabe eta ordutegirik gabe ari direlakoan beharrean. «Lanbidek jarrera aktiboa izan behar du etxeko langileengana hurbiltzeko. Kontrol globala, sistematikoa eta etengabea egin behar du», adierazi du Ezenarrok.

Berdintasun Legea garatzearen inguruan kontuak eskatu dizkio Aralarrek Jaurlaritzari. Ezenarrok salatu du krisi ekonomikoaren aitzakiarekin atzeratu egin duela Emakumeen Kontseilua eratzeko lege proiektua. «Ez dugu ulertzen argudio ekonomikoak erabiltzea parte hartzeko kontseilu bat martxan ez jartzeko». Aralarrek legebiltzarrean proposatu du Jaurlaritzari eskatzea hiru hilabete baino lehen aurkezteko lege proiektu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.