Etxeko langileei beste sektore batzuetako lan hitzarmenak aplikatzeko eskatu du ELAk, prekaritatea murrizteko

Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari galdegin die beste sektore batzuetako hitzarmenak aplikatzea. Neurri horrek 35.000 langileri eraginen lieke Hego Euskal Herrian.

ELAko Silvia Guillen eta Saioa Urriza, gaur, sindikatuak Iruñean duen egoitzan. IÑIGO URIZ / FOKU
ELAko Silvia Guillen eta Saioa Urriza, gaur, sindikatuak Iruñean duen egoitzan. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko martxoaren 6a
14:25
Entzun

Hego Euskal Herrian, 35.000 baino gehiago dira etxeko langile gisa erregistratuta daudenak. Emakumeak, migratuak eta arrazializatuak dira gehienak, eta baldintza prekarioetan egiten dute lan: 2022. urtera arte, ezin zuten beren lanagatik kotizatu, ezta langabezia saria kobratu ere, eta, ordutik sektorearen egoera apur bat hobetu den arren, «prekaritate eremu» da oraindik ere, ELA sindikatuaren arabera. Hain zuzen, hori izanen da sindikatu abertzalearen aldarri nagusia Martxoaren 8ko mobilizazioetan. Etxea lantokia denean, hitzarmena denentzat! Ekiparazioa lelopean eginen du protesta ELAk Gasteizko manifestazioan. Eskaera zehatz bat ere egin diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: beste sektore batzuetako lan hitzarmenak aplika diezazkietela etxeko langileei, prekaritatea murrizteko eta legezko estaldura bermatzeko xedez. Zehazki, etxez etxeko laguntzako hitzarmena galdegin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileentzat, eta garbiketa sektorearena, Nafarroakoentzat.

«Oso kezkatuta gaude auzi honekin», laburbildu du Silvia Guillen ELAko Zerbitzu Publikoetako ordezkariak, sindikatuak Iruñeko egoitzan egin duen agerraldian. Harekin batera izan da Saioa Urriza ere, ELAren eskualde arduraduna, M8ra begira eginen dituzten aldarrikapenen berri ematen. «Etxeko langileen %65ek zaintza lanak egiten dituzte, eta %35ek, garbiketa lanak. Barne langileen kasuan, berriz, denek zaintza lanak egiten dituzte esklusiboki. Gizarteak, gainera, ez ditu lan horiek balioesten, eta, betidanik, emakumeok oso egoera prekarioan edo doan egin izan ditugu», azaldu du Guillenek. Egoera makurrena, baina, langile migratuena dela esan du: «Emakume horiek, askotan, ez dute beste aukerarik, eta edozein lan onartu behar izaten dute, oso soldata txikien truke. Nahita prekarizatutako lanak dira, zaintzan aritzen diren langileetako asko eta asko erregularizatu gabe baitaude, paperik gabe».

Egoera horri aurre egiteko, «zaintza sistema publikoa, doakoa eta unibertsala» aldarrikatu dute ELAko kideek. «Halakorik ez dagoenean, zer gertatzen da? Bada, familiek beren gain hartzen dituztela lan hauek, eta prezio merkeenean azpikontratatzen dituzte langileak». Horiek horrela, sektorea sindikatuetan antolatzea «ezinezkoa» dela salatu du Guillenek: «Ez dute eskubiderik ordezkari sindikalak aukeratzeko, ezta lan baldintzak era kolektiboan borrokatzeko ere». 16/2022 lege dekretuaren ondorioz, Hego Euskal Herriko etxeko langileek aukera izan zuten euren lan baldintzak hobetzeko, baina, Saioa Urrizak salatu duenez, «arrakala handia dago oraindik orain, beste sektore batzuekin alderatuta». Etxeko langileek ez dute eskubiderik kaleratzeagatik kalte ordaina jasotzeko eta Espainiako Soldatak Bermatzeko Funtsetik [Fogasatik] dirua kobratzeko, besteak beste.

Konponbide gisa, ELAk eskatu du «beste sektore batzuetako hitzarmen kolektiboak zabaltzeko», etxeko langileei ere aplika dakizkien. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen kasuan, etxez etxeko zerbitzuko lan hitzarmena aplikatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta Nafarroako Gobernuari, berriz, eraikinen garbiketako sektoreak duena. Eskaera bat erregistratu du sindikatuak Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailean, eta beste bat Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozial, Ekonomia Sozial eta Enplegu Departamentuan, helburu horrekin. «Langileen Estatutuaren 92. artikulua aplikatzeko eskatu diegu, artikulu horrek modua ematen baitu indarrean den hitzarmen kolektibo bat beste sektore batera zabaltzeko, hitzarmen kolektibo propio bat sinatzea ezinezkoa bada», azaldu du Urrizak.

ELAko ordezkariek uste dute administrazioek dutela etxeko langileen kolektiboaren gaineko ardura. «Ez dago sistema publikorik mendekotasunen bat dutenen beharrak asetzeko, eta administrazioek beren gain hartu behar lukete erantzukizuna, etxeko langileen kolektiboaren lan baldintzak bermatzeko, indarrean diren lan hitzarmenak aplikatuz». Horrez gain, paperik gabeko langileen egoera «lehenbailehen arautzeko» eskatu du sindikatuak: «Badakigu hori egitea ez dagokiela ez Nafarroako Gobernuari ez Eusko Jaurlaritzari, baina ezinbestekoa da, paperik gabe dauden emakume horien egoera prekarioa konpontzen hasteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.