Etxerat-ek salatu du Estrasburgok Parot doktrinaren kontra hartutako erabakiaren ondotik aske geratzen ari diren presoen kontrako "kanpaina gogorra" abiatu dela hedabideetan. Jarraipen "itogarria eta bidegabea" jasaten ari direla azpimarratu dute. "Zer bilatzen den egoera hauekin? Zein da honen guztiaren helburua?". Kalera ateratzen ari diren presoak euren eskubidez ateratzen ari direla gogorarazi du, eta euren oinarrizko eskubideak urratuak izan direla nabarmendu du Etxerat-ek, "beraietako askok bost, zazpi, bederatzi urte espetxean bahituta igaro dituztela, jada aske behar luketen arren". Gogorarazi dute beste 23 euskal preso daudela oraindik espetxean Parot doktrinaren eraginez.
Zehazki aipatu du Etxerat-ek atzo Puerto I espetxean presoen senide eta lagunek jasan zituzten mehatxu, eraso eta iranak, eta onartezinak direla adierazi dute. "Gure senide eta lagun izaera probesten dute gure aurkako jarrera zapaltzaile bat izateko, baina ez dago eskubiderik! Gure senide eta lagunak euren eskubidez daude kalean, eta gu beraiekin gaituzte eta izango gaituzte; baina nahikoa da! Ezin dugu onartu egoera hauek pairatzen jarraitu behar izatea eta, gainera, erasotzen eta iraintzen gaituzten pertsona hauek inpunitate osoa izatea".